Stanley Williams
| Stanley Williams | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotzako izen-deiturak | Stanley Tookie Williams III |
| Jaiotza | Shreveport, 1953ko abenduaren 29a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | San Quentin Estatu Presondegia, 2005eko abenduaren 13a (51 urte) |
| Hobiratze lekua | Soweto |
| Heriotza modua | heriotza zigorra: Injekzio hilgarria |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Washington Preparatory High School (en) |
| Hizkuntzak | ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | Gangsterra eta kriminala |
| Kidetza | Black Power |
| Ezizena(k) | Tookie |
Stanley Tookie Williams III (New Orleans, Louisiana, 1953ko abenduaren 29a - San Quentin presondegia Kalifornia, 2005eko abenduaren 13a) 1969an Los Angelesen sustraitutako Crips kale bandaren buruzagia izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Stanley Tookie Williams III.a New Orleansen, Louisianan, jaio zen 1953ko abenduaren 29an, New Orleans Charity Hospital izenekoan, amak hamazazpi urte besterik ez zituela.
Handik urtebetera, aitak alde egin zuen, familia utzirik eta, 1959an, Williamsek sei urte zituenean, ama-semeak New Orleanstik Los Angelesera joan ziren. Ama lanean zen bitartean, haurra kalean hazi zen bizitza gogorreko auzo batean.
Hamabi urterekin bizirauteko trikimailuak zituen eta ez zen sekula labanarik gabe ibiltzen. Borroketan sartzen zela-eta, eskola frankotatik kaleratu zuen eta kartzelan egonaldiak egiten hasi zen. 1960ko hamarkada bukaeran, delinkuentzia maila igo egin zen nonahi eta Slausons edo Gladiators bezalako banden garapena izan zen, Black Power mugimendua edo Pantera Beltza Alderdia delakoen barnean.
Hamabost urterekin, Donald "Doc" Archieren lagun egin zen eta horrek sartu zuen maila apaleko banda batean. Handik gutxira, Williamsen bortizkeriak ospea hartu eta buruzagi bihurtu zen.
1970ean, hamasei urterekin, Williams autoa lapurtzeagatik atxilo hartu zuten Inglewooden, Kalifornian, Inglewood, eta Los Padrinos Juvenile Hallera bidali zuten, Downeyn. Pisuak altxatzen trebatu zen han eta kulturismoaz zaletu. Horrela, 1971n atera zenean, lehen baino indartsuagoa zen.
1971ko udaberrian, hamazazpi urterekin, Stanley Williamsek Raymond Washington ezagutu zuen Washington Preparatory High Schoolen. Williams liluratuta geratu zen bandako kide guztiak antzeko jantziekin etorri zirenean, larruzko jakak, lepo almidonatuak, galtza bakeroak eta tiranteak. Cribs deitu zioten lagunarteari eta Crips izan ziren gero. Williamsek lagun asko zuen West Siden eta buruzagiak batu eta West Side Crips osatu zuten —1979ko abuztuan hil zuten Ray Washington eta hileta bere urtemugan izan zen—.
Banda horren sorreraren xedea beste banda guztiak ezerezean uztea zen. Washingtonek esaten zuenez, helburua arraza beltzeko kideak zaintzea zen eta poliziaren ustelkeria eta bortizkeriari aurre egitea. Hiru talde osatu zituzten:
- Washingtonen Crips East Side, gero East Coast Crips izan zena
- Williamsen West Side Crips eta
- Mac Thomas nerabeak gidatutako Crips Compton.
Washington, Williams eta Thomas nekatu gabe hasi ziren jendea erreklutatzen Los Angeleseko ghettoetan. Sartu ez ziren salbuespenak elkarrekin bildu eta Bloods banda osatu zuten, Cripsen erabateko arerio izan zirenak.
1973an, Raymond Washington atxilo hartu zuten hurrengo bost urterako, Curtis "Buda" Morrow eta Mac Thomas tirokatu eta hil zituzten 1970ean. Williams geratzen zen Crips bandako nagusi. Badirudi Comptoneko unibertsitatean Soziologia ikasten aritu zela, baina, aldi berean, Bloodsen aurkako borroka gogorretan parte hartu zuen. 1976an, zauritu egin zuten: etxeko atarian zegoen gau batean eta Bloods bandakidez betetako autoa pasatu zen, Williamsen aurka tiroka. Sekula ez zuela oinez ibiltzerik izango esan zioten, baina entrenamendu gogorraren ondoren, ibiltzeko gaitasuna berreskuratu zuen.
Heriotza zigorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1981ean, lapurreta batzuen zehar eginiko lau hilketaren errudun jo zuten: 1979an, Albert Owens denda zerbitzaria hil omen zuen eta Los Angelesko motel baten jabeak eta haien alaba ere bai. Heriotza zigorra esleitu eta exekutatu egin zuten[1].
Williamsek ez zuen sekula hilketarik onartu, bortizkeriaren aurka egin zuen eta gazteentzako liburuak idatzi zituen, bandetan sartzeak ekar zitzakeen arriskuez errepararaziz.
Haren jarraitzaileek Bakearen aldeko Nobel Sarirako proposatu zuten. Taldeak heriotza zigorraren ordez betirako kartzela zigorra ezartzea eskatzen zuen, kartzelan bere gizarte-lanetan segi zezan. Williams gazte baztertu ororentzako itxaropen ikur bilakatu zen.
2005eko abenduaren 13an, Kaliforniako estatuak Stanley Williams exekutatu egin zuen, Arnold Schwarzenegger gobernariak ez baitzion barkamenik eskaini. Azken urteetan, Williams heriotza zigorraren ikur ere bazen eta AEBetan sekula baino gehiago eztabaidatu zen gaia[2].
Schwarzeneggerrek ez zuen azken uneraino jarrerarik hartu, baina azkenean, barkamena ukatu egin zion[3]. Injekzio letal batek hil zuten 51 urte zituenean, Kaliforniako San Quintin presondegian. Exekuzioa aurreikusitakoa baino hogei minutuko atzerapenaz hasi zen eta Stanley Williamsek hamahiru minutu behar izan zituen hiltzeko.