Renata Tebaldi
| Renata Tebaldi | |
|---|---|
(1956) | |
| Bizitza | |
| Jaiotza | Pesaro, 1922ko otsailaren 1a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | San Marino, 2004ko abenduaren 19a (82 urte) |
| Hobiratze lekua | Langhirano |
| Heriotza modua | berezko heriotza: minbizia |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Conservatorio Statale di Musica "Gioachino Rossini" (en) |
| Hizkuntzak | italiera |
| Irakaslea(k) | Carmen Melis |
| Ikaslea(k) | ikusi
|
| Jarduerak | |
| Jarduerak | opera abeslaria |
| Jasotako sariak | |
| Genero artistikoa | opera |
| Ahots mota | sopranoa |
| Fach | spinto soprano (en) |
| Musika instrumentua | ahotsa |
| renatatebaldi.eu… | |
Renata Ersilia Clotilde Tebaldi (Pesaro, 1922ko otsailaren 1a – San Marino, 2004ko abenduaren 19a) italiar spinto soprano lirikoa izan zen. Milango La Scalako eta New Yorkeko Metropolitan Opera Housen antzokietan askotan entzuten zen opera-kantarietako bat izan zen. XX. mendeko soprano ospetsu eta handienetakotzat jotzen da, eta Arturo Toscanini italiar orkestra-zuzendariak "la voce d'angelo" (italieraz, Aingeruaren ahotsa) deitu zion.[1]
Parmako eta Pesaroko Kontserbatorioan Kantu ikasketak egin ondoren, 1944an debuta egin zuen Parman eta Triesten Rovigo lanarekin. Toscaninik Milango Scalaren berrikuntza-kontzerturako deitu zion 1946an. Izugarrizko arrakasta izan zuen, eta Milango Operako izarretako bat izan zen 1954. urtera arte. Europako antzoki liriko nagusietan (Londresko Covent Garden, Parisko Opera) eta Ameriketakoetan (San Frantziskoko Opera, Buenos Airesko Colón Antzokia) aritu zen kantatzen. 1955ean Milango Scala utzi zuen, eta New Yorkeko Metropolitanera joan zen, eta han egon zen 1973. urtera arte. Ahots eder eta indartsua zuen, eta XIX. mendeko Italiako errepertorio lirikoko interprete nagusietako bat izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sortzez Renata Ersilia Clotilde Tebaldi izena zuen. Pesaron jaio zen. Aita arrakasta handirik gabeko biolontxelista izan zen, Teobaldo Tebaldi. Ama, ostera, Giuseppina Barbieri izenekoa, abeslari gisa talentu handikoa izan arren, bere karrera zapuztuta ikusi zuen eta erizain izaten amaitu zuen. Aitak laster alde egin zuen familia utzita eta ama-alabak Langhiranora joan ziren bizitzera, Giuseppinaren jaioterrira, Parmatik gertu dagoen herrira.
Hiru urte zituela, poliomielitisak jota geratu zen. Bere onera etorri zen, baina ibiltzeko zailtasunak izan zituen. Ondorioz, ezin izan zuen bere adinari zegozkion jarduera fisikoetan parte hartu, eta, horregatik, musikan interesatu zen. Langhiranoko elizako koruko kidea izan zen eta hamahiru urterekin amak Parmako Signorina Pasanirekin piano eskolak jasoarazi zizkion. Ahalegin handia egin zuen Renatak, egunean lauzpabost orduz praktikatzen baitzuen. Kontzertista-karrera amesten zuen eta, aldi berean,entzuteb zuen guztia kantatzen zuen, batez ere irratiaren bidez. Hori zela eta, bere piano maistrak Italo Brancucci kantu irakaslearen esku utzi zuen, Parmako kontserbatoriokoa, non laster hasi baitzen Ettore Campogallianirekin ikasgaiak jasotzen. Harekin eskalak praktikatzen eta bere ahotsa entrenatzen jarraitu zuen, bere lehen kantak kantari prestakuntzaren bigarren urtearen amaieran ikasten utzi baino lehen.
Carmen Melisekin hobekuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Renata Pésarora joan zen Eguberrietako oporrak pasatzera, Valentino osabarekin, aitaren anaiarekin. Osaba kafe txiki baten jabea zen, eta Carmen Melis, diva famatua izan zena, pastelak erostera joaten zen. Melis abeslari famatua izan zen, La Scalako prima donna, verismoko paperetan espezializatua, Giacomo Puccini italiar musikagilearen laguna izana eta Enrico Carusorekin tenorrarekin eta Titta Ruffo baritonoarekin kantatu zuena. Kantari aritu ondoren, Pésaroko kontserbatorioan Gioacchino Rossini italiar musikagile erromantikoarekin kantu eskolak ematen zituen. Valentinok bere ilobaz hitz egin zuen Melisekin, eta honek, azkenean, hurrengo egunean entzutea onartu zuen.
Gainerako opor egunetan Melisekin lan egin zuen, Mario del Monako ezagutu eta harekin batera abestu zuen lehen aldiz. Parmara itzuli zenean, hainbestekoa izan zen bere hobekuntza, inork ezin baitzuen sinetsi ahots bera zenik. Une horretan erabaki zuen Tebaldik Pésarora joatea, non aitaren familiarekin bizi izan zen eta Melis-en eskolak jasotzen jarraitu zuen, bai kontserbatorioan, bai maila pribatuan.
Tebaldik Urbinoko antzokian egin zuen lehen agerraldi publikoa, Alfredo Catalani italiar musikagilearen La Wally operako "Ebben Ne andrò lontana" abestu zuen. Hogeita bi urterekin egin zuen debuta Rovigo herriko antzokian, Arrigo Boito italiar musikagilearen Mefistofele operan eta Elenaren papera bete zuen. Parman Pucciniren La Bohème, Pietro Mascagniren L'amico Fritz eta Umberto Giordanoren Andrea Chénier abestu zituen hainbat aldiz eta 1944an Milanen hasi zen lanean, Melisen bitartez, Giuseppe Pais zuzendari eta kantu irakaslearekin. Guido Gattirekin, orduan La Scalako zuzendaria zena, entzunaldi bat izan zuen, baina ez zuen aurrera egiterik lortu, gerra urte horietan ez baitzen emanaldirik egon. Geroago Triesten protagonista izan zen, Desdémona izan zen Otello lanean, Francesco Merlirekin batera, benetako zirrara sortuz.

Izar, Arturo Toscaninirekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere ibilbidean benetako aldaketa 1946an iritsi zitzaion, zalantza eta beldur artean, Milanen entzunaldi bat izan zuenean, Arturo Toscaninirekin italiar orkestra-zuzendariarekin, Ameriketako Estatu Batuetatik etorri berria, ahots gazte berrien bila. Entzunaldian, Bigarren Mundu Gerraren ondoren La Scala berriro irekitzeko kontzerturako, voce d'angelo baten bila zebilela esan zion, eta Tebaldik erantzun: Cercherò di fare del mio meglio, Maestro. Anekdota horretatik Toscaninik «aingeru-ahotsa» deitu zion ustea atera zen, eta Tebaldik ukatu egin zuen beti. Kontzertu horretan, Gioachino Rossiniren Mosè in Egitto (euskaraz: Moises Egipton) operaren Errezua ("Dal tuo stellato soglio") eta Giuseppe Verdiren Te Deum-en soprano zatia abestu zituen. Gero, urte berean, Margherita eta Elenaren paperak kantatu zituen Mefistofelen eta Elsaren papera Wagnerren Lohengrin operan. Hurrengo urtean La Bohème eta Eva abestu zuen Wagnerren Die Meistersinger von Nürnberg (Nurenbergeko maisu kantariak) operan. Toscaninik Aidaren papera kantatzera animatu zuen eta bere estudioan entseatzera gonbidatu. Tebaldi ziur zegoen paper hori soprano dramatiko batentzat gordeta zegoela, baina Toscaninik konbentzitu zuen eta azkenean La Scalan abestu zuen, 1950ean, Mario del Monaco eta Fedora Barbierirekin batera, Antonino Vottoren zuzendaritzapean. Bere lehen urteetako arrakastarik handiena izan zen.
Italiako beste antzoki batzuen artean, Erromako Operan abestu zuen 1947 eta 1962 artean eta Florentziako Comunalean, Milango Scalako izarra izan zen 1946 eta 1955 artean, 1959-1960 denboraldian rentrée batekin eta 1974an eta 1976an azken bi errezitaldiekin. 1948tik 1962ra Napoliko San Carloko faboritoa izan zen, eta 1967an Amilcare Ponchielliren La Gioconda operan aritu zen berriro.
Nazioarteko ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bira batekin hasi zen, La Scalaren konpainiarekin batera, Edinburgoko Jaialdian eta ondoren Londresen, non Covent Garden-en debutatu zuen, Desdemonaren papera kantatu zuen Otelloren bi emanalditan eta Giuseppe Verdiren Requiem-aren emanaldi batean, Victor de Sabataren zuzendaritzapean. Ondoren, New Yorkeko Metropolitan antzokian eta baita San Frantziskoko Operan, Chicagokoan eta Ameriketako Estatu Batuetako beste antzoki askotan ere abestu zuen. Alemanian, Londresen, Parisen, Vienan, Bartzelonan, Japonian eta Hego Amerikan ere bai. 1953an Buenos Airesko Teatro Colón antzokian debutatu zuen Verdiren Aidarekin, Carlo Bergonzi eta Ebe Stignanirekin batera, Alberto Erede-ren zuzendaritzapean. Ondoren, Giuseppe Taddei eta Carlo Bergonzi ondoan zituela, Pucciniren Tosca lanarekin esan zuen agur.
Opera verismoko paper melodramatikoetan oparo ibili bazen ere, bere errepertorioa oso zabala izan zen, Wagnerren operak barne (italieraz kantatuak izan arren), Eva izan zen Meistersingerr (euskaraz: Maisu Kantariak) operan, Elsa Lohengrin-en eta Isabel Tannhäuser lanean. Karl Böhm zuzendari austriar ospetsuak alemana ikasteko eskatu zion, bere errepertorioan parte hartu ahal izateko. Tebaldik San Mateoren araberako Johann Sebastian Bachen Mattäus-Passion abestu zuen eta Georg Friedrich Händelen Julio Zesar operako Kleopatraren papera ere grabatu zuen.
Bere eszenako kideak garai hartako abeslaririk handienak izan ziren, besteak beste: Carlo Bergonzi, Jussi Bjoerling, Franco Corelli, Mario del Monaco, hainbat grabazio eta antzezpenetan bikotea izandakoa. Hainbatekin grabatu zituen Verdi eta Pucciniren opera ezagunenak, besteak beste, Placido Domingo, Giuseppe Di Stefano, Nicolai Gedda, Beniamino Gigli, Alfredo Kraus, Richard Tucker, Jon Vickers, Ramón Vinay edo Giacomo Lauri Golpi
Zuzendari ospetsuenen zuzendaritzapean lan egin zuen, hala nola: Vladimir Ashkenazy, Leonard Bernstein, Karl Böhm, Richard Bonynge, Carlo Maria Giulini, Herbert von Karajan, Rudolf Kempe, James Levine, Zubin Mehta, Dmitri Mitropoulos, Francesco Molinari-Pradelli, Mario Rossi, Victor de Sabata, Sir Malcolm Sargent, Tullio Serafin, Sir Georg Solti edo Arturo Toscanini.
Metropolitanen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tebaldik Ameriketan egin zuen debuta, 1950ean, Aida abestuz San Frantziskoko operan, Metropolitan operan debuta 1955eko urtarrilaren 31n egin zuen Otello operaren Desdemona, Mario del Monakorekin batera. Hurrengo hogei urteetan, Metropolitan izan zuen jarduera-gunerik handiena. 1962-1963 denboraldian, Tebaldik bere zuzendaria, Rudolf Bing, konbentzitu zuen Francesco Cilearen Adriana Lecouvreur opera eszenaratzeko, non berak Adriana interpretatu zuen. Testua, ebakidurak eta zailtasun ugari zituenez, opera hau ez zen mendearen hasieratik antzeztu. Bing konbentzituta zegoen Tebaldi eta Franco Corellirentzat oso arrakastatsua izango zela, azken honek Mauricioren papera kantatuko baitzuen. Tamalez, Tebaldiren ahotsa ez zegoen bere unerik onenean, eta, izututa, hamahiru hilabeteko atsedenaldia hartu zuen. Ondoren, La Bohéme-ko Mimí abestera itzuli zen, eta arrakasta handia izan zuen.
Tebaldik beste inon baino gehiago kantatzen zuen Metropolitan -en, bere publikoarekin ezarri zuen harreman estuarengatik, 'Miss Sold Out' (Sarrera Agortuak andereñoa) ezizena jarri ziona. Guztira 270 bat aldiz abestu zuen han, besteak beste, La Bohème, Madama Butterfly, Tosca, Manon Lescaut, La Fanciulla del West, Otello, La Forza del Destino, Simon Boccanegra, Falstaff, Andrea Chénier, La Gioconda eta Violettaren papera, berarentzat bereziki sortutako La Traviataren ekoizpen batean.
Bizitza pribatua eta azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tebaldi ezkongabea izan zen, baina harreman sentimental batzuk izan zituela uste da, besteak beste, Nicola Rossi-Lemeni baxuarekin, Tullio Serafin zuzendariaren alabarekin ezkondu zena. Ondoren, Arturo Basile zuzendariarekin harremanetan jarri zen, ezkonduta baitzegoen, eta, beraz, Tebaldik ez zuen harremanarekin jarraitu, segur aski bere sinesmen katoliko sendoa zela eta.
Bere ibilbidearen amaieran, Tebaldik 1262 aldiz abestu zuen, horietatik 1084 opera osoetan eta 214 errezitaldietan.
1973ko urtarrilaren 8an Tebaldi opera eszenatokietatik erretiratu zen, New Yorkeko Metropolitan antzokian Desdemonaren papera kantatuz, hau da, hamazortzi urte lehenago debutatu zuen paper bera.
Hurrengo hiru urteetan errezitaldietan abestera mugatu zen, oso maiz Franco Corelliren konpainian. 1976an abestu zuen azken aldiz La Scalan, 54 urte zituela.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere azken egun gehienak Milanen eman zituen eta 2004ko abenduaren 19an hil zen, 82 urte zituela, San Marinoko bere etxean, minbiziaren biktima. Bere gorpua Parmako probintzian dagoen Langhiranoko Mattaleto hilerriko familiaren kaperan dago.
Museoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tebaldiren oroimenari eskainitako museo bat dago Torrechiara gazteluan, Parmatik gertu. Bertan, abeslariarenak izan ziren hainbat objektu daude ikusgai, besteak beste, eszenan erabili zituen berrogeita hamar jantzi, Giorgio de Chirico italiar margolari surrealista eta Christian Dior frantziar moda diseinatzaileak berarentzat sortutakoak barne.
Errepertorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Johann Sebastian Bach
- Arrigo Boito
- (Elena, Margherita)
- Francesco Casavola
- Salambò (Salambò)
- Alfredo Catalani
- La Wally] (Wally)
- Francesco Cilea
- Adriana Lecouvreur (Adriana)
- Piotr Ilitx Txaikovski
- Eugene Onegin (Tatiana)
- Umberto Giordano
- Andrea Chénier (Maddalena)
- Fedora (Fedora)
- Charles Gounod
- Fausto (Margarita)
- Georg Friedrich Händel
- Julio Zesar (Kleopatra)
- Pietro Mascagni
- Cavalleria rusticana (Santuzza)
- L'amico Fritz (Suzel)
- Wolfgang Amadeus Mozart
- Giovanni jauna (Elvira andrea)
- Figaroren ezteiak (Kondesa)
- Requiema
- Giacomo Puccini
- Turandot (Turandot, Liù)
- Manon Lescaut (Manon)
- La Bohème (Mimì)
- Madama Butterfly (Cio-Cio San)
- La fanciulla del West (Minnie)
- Tosca (Tosca)
- Il tabarro (Giorgetta)
- Suor Angelica (Angelica)
- Gianni Schicchi (Lauretta)
- Gioachino Rossini
- L'assedio di Corinto (Pamira), Le Siège de Corinthe-ren italierazko bertsioa
- Stabat Mater
- Amilcare Ponchielli
- Gioconda (Gioconda)
- Giovanni Battista Pergolesi
- Licinio Refice
- Cecilia (Cecilia)
- Gaspare Spontini
- Olimpia (Olimpia)
- Fernando Cortez (Amazily)
- Giuseppe Verdi
- Otello (Desdemona)
- Aida (Aida)
- Il Trovatore (Leonora)
- La forza del destino (Leonora)
- Falstaff (Alice Ford)
- La Traviata (Violetta)
- Un ballo in maschera (Amelia)
- Joana Arcokoa (Giovanna)
- Simon Boccanegra (Amelia-Maria)
- Requiem meza
- Don Carlos (Elisabetta)
- Te Deum
- Richard Wagner
- Lohengrin (Elsa)
- Tannhäuser (Elisabetta)
- Nurembergeko Maisu Kantariak (Eva)
Sariak eta aintzatespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Italiako errepubblikaren meritoaren saria, 1992an. Croce d'Ordine[2]
- Grande ufficiale dell'Ordine al merito della Repubblica italiana - 1968
- Parisko La Grande Plaque de Vermeil de la Ville - 1986
- Commandeurs des Arts et Lettres - 1987
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Aguirre, Febe Mariana. (2019). [https://dspace.unila.edu.br/bitstream/handle/123456789/5093/TCC%20FEBE%20FINAL.pdf?sequence=3&isAllowed=y «CAMBIOS DE CARÁCTER INTERPRETATIVO EN EL CANTO DE LA SOPRANO LIRICA: COMPARACIÓN ENTRE LA DÉCADA DE 1950 Y LA ACTUALIDAD»] PDF (Instituto Latino-Americano de Arte, Cultura e História): Pág: 21..
- ↑ Sito web del Quirinale: dettaglio decorato.
Kanpo estekka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.