Letamendi baserria
| Letamendi baserria | |
|---|---|
| Kokapena | |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Udalerria | Beasain |
| Koordenatuak | 43°03′10″N 2°11′40″W / 43.05268°N 2.19438°W |
![]() | |
| Historia eta erabilera | |
| Eraikuntza | XVII. mendea |
| Ondarea | |
| Eraikitako euskal ondare nabaria | 33 |
Letamendi Beasaingo (Gipuzkoa) baserri bat da, XVII. mendekoa,[1] herrigunearen gaineko muino batean kokatua, Beasainmendi auzoko beheko aldean. [2]
2007ko urtarrilaren 30an, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Letamendi baserria kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.[3]
Mugakideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Letamendik bere etxaguntzak zituen mugakide iparraldera, hegoaldera eta mendebaldera. Ekialdera, berriz, Igartetxe zonaldetik Muruako mendietara igotzen zen bide publikoa, Ezkiagako zonaldera begira dagoen aurpegitik. Mendebaldera bazegoen beste sar bide bat, parrokiaren atzealdean abiatzen zen harbidera irteten zena.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oinplano laukizuzena du, 24 m x 17,50 metrokoa. Bi solairu eta ganbara ditu, harlangaitzezko hormak, harlanduzko eskantzuekin, zeinak lehenengo solairuraino iristen baitira. Bi isuriko estalkia du.[3]
Fatxada nagusia ekialdera begira dago, behe-solairuan bi leiho harlanduz inguratuak ditu, eta erantsitako terraza batek estaltzen du erdialdea alde honetan. Lehenengo solairuan eta ganbaran zurezko bilbadurak ikus daitezke, bao harlangaitzez beteak eta leiho irekiak dituztenak. Terrazatik zuzenean pasa daiteke lehenengo solairura eta ganbarara ate handi batean zehar. Hegoaldeko fatxadan gaur eguneko sarrera nagusia dago. Behe-solairuan burudun ate zurezko bat dago, bi orrikoa (horietako bat zatitua), burdineria artistikoaz hornitua. Horretaz gainera, hainbat leiho daude; aurrenekoan eta ganbaran beste bost bao daude, zurezko markoez inguratuak. Alde honetako bilbadura harlangaitzez estalia dago. Iparraldeko fatxada oso motza da, desnibelak estutzen duelako, eta ez dauka baorik. Alde honetan eranskin bat dauka, zeinaren estalkia hemengo horma-atalaren luzakina baita. Mendebaldeko fatxada ekialdekoaren antzekoa da, nahiz eta bao gutxiago eduki, eta bertan zegoen baserriko ezkaratza zaharra.[3]
Armadura altxatzen da atal bakarreko 28 zutaberen gainean: horietako 18, perimetro-paretetan bermatzen dira, gainerakoak behe-solairuko bertako zapata edo harroinetatik gora. Horien gainean muntaturik, lehen solairuko habeak daude, estalkiko forjaturainoko beso luze batzuk dituztela. Teilatua petral, gapirio eta goihabeen gainean bermatzen da. Habe eta besoetako mihiztadurak enara-buztan tankerakoak dira. Aipagarriak dira, baita ere, eraikinak dituen oholtzazko horma-atal jatorrizkoak.[3]
Ekialdeko hormigoizko eranskina ez da monumentuaren barruan sartzen.[3]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Honako eraikuntza baserri sendoa izan zen beti. Beasaingo 1549ko Alkabalako Goiburukoan, artean baserria Pedro de Letemendiaren jabetzakoa zenean, jadanik 1.100 dukatekoa zen haren balioa. Halaber, Iruñeko Elizbarrutiko Artxibategian Letemendi aipatzen da 1567an Errege Ogasunari zergak ordaindu behar zizkioten etxe eta auzotarren artean. Beranduago, Abaria sendiaren jabetzara pasa zen. Azkenik, 1718tik aurrera barneratu zen urte hartantxe leinu familia hori hasi zuen bilobak sortutako Maiorazko horren baitan.
Abariatarren maiorazkoaren titularrak sei urteko errentamendu kontratua egiten zuen orduan baserria eta bertako etxaguntzak alokairuan uzteko. Errentak urtero ordaintzen ziren Beasainen, Loinazko San Martin egunez. Antzina, baserria Letemendi izenarekin ere aipatzen zen. Parrokiaren iparraldera lekutzen da etxea, 400 metro ingurura, lerro zuzenean. Abaria familia zen baserriaren jabea eta beti aintzatetsi izan zuen, izan ere, handia zen, kokapen egokia zuen eta hurbil zegoen. Halaxe ondoriozta daiteke prezio onean alokatzeko erraztasuna aipatzen duten eskritura publiko batzuetatik. Asko dira etxearen jabearen aipuak, esanez Letamendik “urtean hainbat dukat errentatzen zituela”; horrenbestez, argi dago beren baserri eta lurretatik eskuratzen zituzten errentei esker bizi ziren jabedun jakin batzuk aipatzeko erabiltzen zen “errentadun” hitza urte haietan horren ohikoak ziren jabedun horietatik datorrela.[4]
Baserri horretako maizterren artean Beasaingo jurisdikzioan oso ezagunak izan ziren izen-abizenak aurkitu dira, esate baterako, Miguel de Aldasoro, Pedro de Maiz, Juan de Aranburu, Marcos de Aranburu, Juan Bautista de Aramburu edo Juan Martin de Aranburu.Gehien errepikatzen den abizena Aranburu da, guztiak familia-adar bereko senide, arbaso edo ondorengoak. 1800. urtean beste alokairu-kontratu bat sinatu zen. Abariako maiorazkoaren kontu liburuan ikus daitekeenez, Abariako maiorazkoaren titularrek jadanik errenta igo egin zieten Aranburu abizeneko maizter berri horiei. Kasu horretan lurrak eta baserria alokatu zituzten, beste sei urterako. Urtean 40 dukateko errenta, 20 gari-anega, gaztaina-anega bat, ahari bat, gazta-arroa bat, lau kapoi, sei oilasko, ardien simaur lehorrez beteriko gurdi bat (lursailen ongarri gisa) eta aziendarentzako 60 lasto-fardo eman beharko zituzten, zegokion urteurrenaren ordainketarekin eta erretako baserriak konpontzeko derrigorrezko aseguruarekin batera. Urteko ordainketaez gain, beste konpromiso batzuk hartu beharko zituzten, esate baterako, beren lurretan zuhaitzak landatu beharko zituzten, beren basoetan baso-mozketak egin beharko zituzten, etxearen jabetzako haztegia zaindu beharko zuten eta baserriaren jabetzako beste harizti batzuk mantendu beharko zituzten. Gainera, debekaturik zuten etxeari atxikitako landare eta baso guztietatik eroritako hostoak jasotzea, beste gauza bazuen artean. 1808an, gerra Napoleonikoak hastean, aranburutar horiek Letamendi baserriaren errentariak ziren artean.[4]
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ «Letamendi baserria», Kultura Ondarea, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Caserío Letamendi - Urbipedia - Archivo de Arquitectura» Urbipedia (kontsulta data: 2026-04-17).
- 1 2 3 4 5 «AGINDUA, 2007ko urtarrilaren 30ekoa, Kultura sailburuarena, Beasaingo (Gipuzkoa) Letamendi baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena», Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 50. zenbakia, 2007-03-12.
- 1 2 Garcia Beasaingo paperak 22. orria Beasaingo herrigunea 1615.ean 37.orria, Martin. (2014). Beasaingo herrigunea 1615.ean. in: Beasaingo Paperak. Beasaingo udala, 37 or..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- «AGINDUA, 2007ko urtarrilaren 30ekoa, Kultura sailburuarena, Beasaingo (Gipuzkoa) Letamendi baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena», Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 50. zenbakia, 2007-03-12.
- Letamendi baserrian jaiotako Jose Migel Odriozola Peñagarikanoren solasaldiak, baserriko bizimoduari eta ohiturei buruz. Ahotsak.com webgunea (Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea).
