Edukira joan

Ondarroako emakumeak eta arrantza

Wikipedia, Entziklopedia askea

Arrantza jarduera azaltzea eta ulertzea ezinezkoa izango litzateke, lan banaketan emakumeek jokatu izan duten eta jokatzen duten papera aintzat hartu gabe. Ekoizpen egituraren ezinbesteko oinarria izateaz gain, emakume batzuk ardura garrantzitsuak bete izan dituzte zuzendaritza lanetan ere. Adibidez, 1820-1821 bitartean, Ondarroako Santa Klara Arrantzaleen Kofradiako maiordomoa –gaurko lehendakariaren parekoa– Ana Maria Etxebarria izan zen.[1][2]

1930 Ondarroako mollako hagak

Arrantza jarduerarekin lotuta zeuden aktibitateetan lan egin zuten emakumeak lau esparru nagusitan sailka daitezke: baxurako txalupetako “krixarak”, arrain saltzaileak, sare konpontzaileak eta arrain kontserba fabriketan lan egin zutenak. Lau arlo horiez gain, emakumeek beste hainbat lan egiten zituzten, arrantza jarduerarekin lotura zuzena eduki arren, ezin daitezkeenak ogibidetzat hartu aparteko lan bereziak zirelako: hala nola, despixka, tretzak egitea, amuak enkarnatzea eta malutak egitea, otzaren mailegua, txirla bilketa eta abar. Lan horiek krixarek, sare konpontzaileek edo familiako beste emakumeek egiten zituzten. Gizonen ardura nagusia itsasora irten eta arraina ekartzea bazen, behin lehorrean arrainaren deskarga, prestaketa, garraioa eta salmentaren ardura emakumeena zen, ia oso-osorik. Ez hori bakarrik: zenbait kasutan itsasora irteteko arrantzaleak deitzea ere –esnatzea, azken finean– emakumeen eginkizuna izaten zen; baita euren senar, aita, seme edo nebentzat, itsasorako janariak prestatzea eta jaki-potoetan gordetzea edota euren arropak garbitzea ere. Arrantzaleen emazteek gainera, bikotearen lan arriskutsuak eragiten zuen urduritasuna jasan eta bere presentziarik gabe erabaki behar izaten zituzten seme alabak hezteak zekartzan konturik gehienak.[1][2][3]

Krixaren lana baxurako arrantzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondarroan, sasoirik hoberenetan, 150-200 bat emakume arituko ziren krixaratzan, eta euren ekarpena funtsezkoa izan zen arrantzaren ekonomian. Italiarren kontserba fabrikak ailegatu zirenean, txalupa jabeek ez zuten begi onez ikusten emakumeek fabrika horietan lan egitea, txalopetako arduretarako emakume falta izango zelakoan.[1]

1930 Portuan Krixara lanetan

Txalupak porturatzen zirenean krixaren lehen lana arrain mota eta kopurua jakin eta kofradian horren berri ematea izaten zen. Horren ostean, arraina deskargatzen zen kofradiara eramateko, eta han idazkariak txalupa bakoitzeko krixarak zekarrena apuntatzen zuen. Kofradiako beheko solairuan, arraina kopaletetan erakusten zuten. Muestra horietan oinarrituz, aurreikusten zuten erosleek salmentan eskainiko zuten prezioa. Prezio hori hiru faktorek baldintzatzen zuen: arrain kopuruak, kalitateak eta tamainak. Arraina saldu ostean, krixarek arraina pisatzen zuten, erosle bakoitzari bere kaxak banatzeko. Gero erosleek eramandako otzarak berriro jaso, garbitu eta bodegara eroan edo txalupa ondoan sikatzen utzi behar zituzten. Premia zegoenean, zortzi ordu baino gehiago egoten ziren arrainaren salmenta prozesuak zekarren lanez arduratzen, eta antxoa sasoian gehiago. Neguan papardoetarako eta bisigutarako garnata legez erabiltzen zen antxoa txikia udazkenean arrantzatzen zenez, barriketan sartu behar izaten zuten eta gatza emanda kontserbatu.[4][5]

“Krixaratza” horrek zekarren esfortzu fisikoaz gain, aipagarria da emakume horiek jasaten zuten presio psikologiko etengabea. Arrain erosleek baldintzatutako salmentaren testuinguru ezegonkorrak eragindakoa; izan ere, arraina azkar atera behar zen eta gero garraioa antolatu kamioilariekin. Ordainketari dagokionez, krixara biren artean arrantzale baten soldataren hiru laurdena kobratzen zuten. Hau da, krixara bakoitzak tostarteko baten soldataren 3/8 kobratzen zuen. Gainera, batzuen kasuan lanaren ordainsaria ez zen patrikerarako, bere soldata ekonomia familiarrean txertatzen baitzen: lehentasuna bizirautea zenean, familiak osatzen zuen unitate ekonomikoaren interesa, norbanakoen premien gainetik jartzen zen.[1][6][7][8][9]

Arrain saltzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondarroako arrain saltzaileen artean hiru talde bereiz ditzakegu: arrantzaleen emazteak, azokan postu bat zeukatenak eta herritik kanpo saltzen zutenak.

Arrantzaleen emazteen edota alaben kasuan, etxeko gizonek ekarritako arraina saltzen zuten. Normalean ez zuten genero askorik edukitzen eta eurek zuzenean saltzen zuten, salmenta beste baten eskuetan uzteari baino etekin gehiago ateratzen zioten eta. Ez zeukaten postu bat arraina saltzeko, baina bai gutxi gorabeherako leku finko bat.

Azokan postu bat zutenek normalean postuaren ardura bi lagunen artean zeramaten, eta bata arraina saltzen zegoela, bestea portura sartzen ziren txalupetara hurbiltzen zen, arraina erostera. Kaxak egurrezkoak ziren eta gaur egunekoak baino handiagoak, karretilla batean eramaten zituzten alde batetik bestera. Horiez gain, baziren inguruko herrietara ere joaten zirenak, Mutrikura esate baterako. Urrutiago ere joaten ziren, hala nola, Azpetiara, Mendarora, Zumarragara, Eibarrera edo Durangora; bakoitzak asto bat edo bi eroaten zuen karga eramateko eta gauerdian irten behar izaten zuten goizean salmenta egiteko. Oinez joaten ziren Bolibar eta Iruzubieta inguruko baserrietaraino, baita Itziar aldera ere. Autobusak hasi zirenean, Elgoibar eta Eibarrera hurbiltzea erraztu zen, kutxak autobuseko gordelekuetan sartuta eroaten zituzten eta. Soraluzera ere eroaten zituzten arrain kaxak Eibarren trena hartuta. Saldutako gaien artean, estimaziorik handiena sasoiko arrainak izaten zuen: txitxarro lepo baltz handiak, antxoak eta atunak; baina baita arrasteko antxobilla, peskadilla eta legatzak ere. Gainera, bestelakoak ere saltzen zituzten, adibidez, otarrainak jada egosita eramaten zituzten Urberuagako bainuetxera, udara aldean turistaz gainezka egoten zenean.[1][5][10][11]

Sare konpontzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txalupa jabeak ziren etxeetan, beti prestatzen zituzten familiako pare bat edo hiru emakume sare konpontzen ikasteko. Gehienetan familiako emakume nagusiagoek erakusten zieten gazteei. Txalupa jabeen familietakoak ez ziren emakumeek, “alogeran” lan egiten zuten, hau da, txalupa jabeen premiaren arabera, soldata baten truke. Baina batzuetan txalupa jabeak ziren familietako emakumeak ere, eurenean lanik ez zutenean beste txalupa batzuetara joaten ziren lanera. Izan ere, bazeuden txalupa edukita ere, etxean saregilerik ez zuten familiak, ez zekitelako edo ez zutelako horretara jarri nahi. Horiek saregileak kontratatu behar izaten zituzten.[12]

Kotoizko sareetatik niloizko trainetara

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehorrekoentzat guztia sarea bada ere, sarea eta traina gauza ezberdinak dira. Bolintxean zebiltzan txalupek erabiltzen zituzten sareak kotoizkoak ziren, trainekin alderatuz askoz txikiagoak, ahulagoak eta teknikoki sinpleagoak. Niloiaren aplikazioak trainak handiagoak, gogorragoak eta teknikoki konplexuagoak bihurtu zituen. Niloia Italiatik etorri zen; kotoiarekin alderatuz saskarragoa zen, berehala korapilatzen zen eta gogorragoa zen lanerako, saregileen atzamarren kalterako. Trainaren mekanismoa ezberdina zen lehenagoko sareekin alderatuz, konplexuagoa: tranpillak, zirri-zarri, arrain-poltsa edo txikota... Niloiaren sarreran trainen neurriak handitzeko aukera eman zuen. Gutxienez 350 metroko luzera izan zuten, eskatzen zituen beste kankamo guztiekin. Trainen luzera handitzean, papuak josteko modua aldatu behar izan zen. Ohituraz beti papuak goitik behera josi izan ziren, bat ezkerretik eskuinera josi behar zirela konturatu zen arte.

Saregileak etengabe egon behar izan dira egokitzen arrantza arloan burutzen ziren aldakuntza teknologikoetara. Sarea apurtzen zenean, gizonek soka zuriarekin erdi konpondu bat egiten zuten, itsasoan bertan. Horrela, gero bilatzeko ere errazagoa zen saregileentzat. Apurketa txikia bazen, traina lehorreratu beharrik ez zen egoten, emakumeak eurak sartzen baitziren txalupan. Txalupak katean lotzen ziren garaietan gainera, saregileak bateletan joan behar izaten ziren bertara, eta hantxe gelditzen ziren, isolatuta eta eguraldiaren menpe. Tingloian eta bodegetan lekurik bazegoen, hantxe josten zituzten, aterpean. Bestela, kofradia berriko nasan josten zituzten, inolako aterperik ez zegoenean. Euri zaparrada botatzen bazuen, lana uzten zuten, baina zirimiria hasten bazen, esku tartean zeukatena amaitzen ahalegintzen ziren. Apurketa tarratada hutsa bazen, konponketa errazagoa zen, eta “a lo Clementina” deituriko teknikaren erabilpenak, lana arintzen zuen. Luzetara barik, traina norabide ezberdinetan zehar triskatzen zenean, beste modutako arazoak sortzen ziren; trainak papuren bat galtzen bazuen, zer esanik ez. Aberia zailak gertatzen zirenean, nabaritzen zen maistraren jakituria, apurketaren jatorria eta konponbidea identifikatzen ez zuen bitartean gainontzeko saregileak ezin zirelako lanean hasi. Aberia baten aurrean, maistrak esku tartean zituen sare pusketekin eta begirada hutsarekin –esan bezala, traina ezin zen oso-osorik zabaldu– apurketa aztertu eta kalkulu zehatza eginez, saregile bakoitza norabide jakin batean josten jarri behar zuen. Norabide hori ondo zehaztea funtsezkoa zen, bestela lana bukaezina bihurtzen zen.

1960ko hamarkadan saregileek estuasunak izaten zituzten txalupa guztien eskakizunei erantzuteko. Antxoatean lan asko egiten zen jai egunetan, hain zuzen txalupak gelditu egiten zirelako. Asteburuetan, arrantzaleak eta gainontzeko herritarrak atseden hartzen ari ziren bitartean, saregileak lanez gainezka aurkitzen ziren sarri. Eguraldi txarrarekin apurtuta bazetozen, ez zen inoiz txalupa bakarra porturatzen, bi edo hiru baizik. Beraz, egun batean lanik ez eduki arren biharamunean lanez gainezka egotea gertatzen zen, guztiek ere trainak lehenbailehen konpontzea nahi izaten baitzuten.

Paradoxa hutsa da, autonomoak izanda, saregileak lanera deitzen zietenean joaten zirela, hau da, jabeen premien arabera, soldatapeko langileak bezalaxe. Baxurako arrantzaren beherakadak zuzenean kolpatu zuen jardun hori, eta familiari lotutako ogibide bat izatetik, kanpoko txalupen eskariaren menpe bizitzera pasatu ziren saregileak. 1936ko gerraren aurretik saregile kopurua 200 ingurukoa zela kalkulatzen da. 2018an, ordea, bost saregile baino ez ziren gelditzen. Gazterik ez apuntatzearen arrazoi nagusia finkotasun gabezia zen. Erakunde ofizialen aldetik ez da ahalegin handirik egin ogibide hori mantendu eta zabaltzeko, eta ondorioz desagertu egingo da.[1][5][13][14][11]

Arrain gertuketa edo kontserbagintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean kontserbagintza sustatu zuten hainbat faktore bildu ziren: 1851n, Mutriku eta Ondarroaren arteko bidea egin zen, eta urte gutxitara Zubi Berria eraiki zen; horri esker, Deba Arrotik zehar Araba eta Gaztelarantz zihoan bidea zabalik gelditu zen Ondarroako arrainkientzat; ojalata edo burdin zuriaren asmakuntza ere funtsezkoa gertatu zen; arlo politikoan, liberalismoak arrantzaleen kofradiek mantentzen zuten monopolioa kendu, eta ekimen pribatuari zabaldu zizkion kontserbagintzaren ateak.

Ondarroako lehen fabrikaren aipamena 1863koa da, Jose Zelaiarena, eta bigarrena 1868koa, Eduardo Nafarraterena. Antxoa gazitzearen teknika garatu zuten lehenak italiarrak izan ziren, batez ere siziliarrak. Ohituta zeuden euren itsasertzean harrapatzen zuten antxoa gazitzera, eta horrela prestatuta hainbat janariren osagarri lez erabiltzera. Baina XIX. mende amaieran antxoaren arrantza gutxitu egin zen Mediterraneo aldean eta Kantauriko kostaldera hurbiltzen hasi ziren, lehengai preziatu honen bila. Hasiera batean antxoak gazitu eta barriletan sartuta zuzenean Italiara bidaltzen bazituzten ere, gero berton zabaldu zituzten zenbait fabrika. A. Zubikaraik dioenez, “Ezin ukatu bizitasun barria emon eutsanik antxoa gaziketari eta geroago antxoa gazitua filetetan zabaldu eta gertatzeari”. Antxoa gazitzeko fabrikek, “emakumeentzako lana ekarren, ordurarte ez egoalako antxoak filetetan gertuteko oiturarik. Eta emakumien lan ugari eskatzen eban. Eta orduko giza egoera da errudun, bai eskoletan ibili bear eben neska mutil txikien eskulana be. Berez filetetan gertuten dan antxoa ez da besterik antxoa gazitua, arrantzatu eta alik ariñen gazitutakoa, buru eta sakatzak atarata, eta iru-lau illabetetan “osatzen” euki eta gero garbitu, gatza kendu, paparreko azurtxoak ebagi, zati bitan banatu erdiko azurra osorik kenduaz eta gero antxoa tira orreik banan-banan latetan sartu eta orioz estaldu eta gertutea baiño. Dana da emakumeen esku biarra, geroago lata itxi eta sarratzea izan ezik”, dio A. Zubikaraik.

Ortiz eskabetxe lantegiko emakume langileak 1955ean.Goian ezker-eskuin: Antigua Aramaio, Antigua Goiogana, Begoña Peña, Josefina Badiola, Itziar Pagate eta Juli Garalde. Behean: Mari Karmen Bergara, Dominga Zubikarai, Ramonita Jimeno eta Mari Trini Arakistain
1930 Ondarroan despixkan

Antxoa fabriketako otzarak, hiru arrokoak izaten ziren, hau da, 37’5 kilokoak. Kamioira altxatzeko, gizon bik hegaletatik eutsi eta hirugarren baten laguntza behar izaten zen, azpitik lagunduta kamioira altxatzeko. Gainera arraina zimeltzen zenean, otzarak pisu handiagoa hartzen zuen. Horri sangratakoa –odol-hustutakoa– deitzen zitzaion, eta gehiago preziatzen zen. Sareetan gelditutako antxoa izaten zen normalean, despixkatzerakoan apurtu eta aparteko otzaretara botatakoa. Otzara hark gehiago pisatzen zuen, antxoa apurtuta, zapalduta, prentsatuta zetorrelako. Garestiago ere bazen, esaten zenez, odol-hustutako antxoa hobea baitzen latarako. Hozkailurik ez zegoen garaian, antxoarik gehiena freskoan gazitu eta zuzenean latontzietan sartzen zen. Hemen ohiturarik ez izan arren Italian, eta orokorrean Mediterraneo inguruko herrietan, horrelaxe kontsumitzen da. Garai hartan kamioi gutxi zegoen eta batzuk gurdian eramaten zuten antxoa fabrikara, estalita, eguzkitik babesteko, eta han egurrezko tina handietara botatzen zen, eta gatz askorekin nahasten zen, kontserbatzeko. Tina bakoitzean hiru arroko hamar bat otzara sartzen ziren, hau da, 375 kilo gutxi gorabehera. Tinak pixka bat zabalagoak ziren goitik, eta beherantz estutu egiten ziren. Neskek deskargatzen zituzten kutxak banaka-banaka egurrezko tina borobiletara: emakume bi kamioia deskargatzen aritzen ziren eta beste bi antxoa tinara botatzen. Bien bitartean gizon batek gatza botatzen zuen. Denbora bat uzten zuten eta bazkalondoan burua kentzen hasten ziren; beste batzuk burua kendutako antxoa beste tina batzuetara botatzen zituzten, gatzunetan garbitzeko. Gatzuna ura da, gatz lodiarekin nahastuta. Gatzuna antxoa tinetatik ateratzeko ere erabiltzen zen, bestela apurtu egiten zen ateratzerakoan. Tinetan parrila antzeko batzuk ezartzen ziren, antxoaren ezkatak behera joateko. Buru kentzaileak antxoa tamainaren arabera sailkatzen zuten. Izan ere, ezin ziren tamaina ezberdinetako antxoak sartu lata batean. Antxoa burua kenduta, tamainaren arabera sailkatuta eta garbituta, enpakatzaileen eskuetara igarotzen zen. Antxoak sartzen hasi baino lehen gatz geruza bat botatzen zen latan, azpiko ilarako antxoak latan itsatsita ez gelditzeko. Ilara bakoitzeko beste gatz neurri bat botatzen zitzaion. Antxoa prentsatu edo trinkotu egin behar zen, ura ateratzeko. Zeregin horretarako harri borobil astunak erabiltzen ziren, lataren diametroa baino zertxobait estuagoak. Fabrika batzuetan antxoa txikiena xerrak egiteko gordetzen zen, moñoak edo pelotak eginda, barriletan. Moñoak ukabilaren tamainako eskuko bonben formako antxoa multzoak ziren, gatzez blai. Pelota edo “moño” horiek barriletan sartzen ziren, bueltan bueltan, kanpotik barrurako espiral baten antzera. Haren gainean bigarren geruza jartzen zen, eta prozesu hori errepikatzen zen 300 kiloko barrila goraino betetzen zen arte. Lateroak tapa zarratzen zion eta kanporatu egiten ziren, balandretan Bilborantz, eta handik Italiara, moñoz betetako barrilak.

Hegaluzea bi eratara gertutzen zen: gatzunetan egosita edo oliotan frijituta. Burua eta tripak kendu eta mendreska moztutako hegaluzearekin, trontzoak egin, parrila batzuetan sartu, eta kate batekin eutsita parrila horiek galdaretan sartzen zituzten. Atuna xerretan mozten zen makinarekin, eta parriletan jartzen ziren. Hegaluzearen haragi zuria enpakatzen hasi aurretik kontutan hartu behar zen zein neurritako ontzian sartu behar zen, zerran lan egiten zuenak lataren lodieraren araberako tatoak moztu behar baitzituen.[1][5][11][15]

Tretzak enkarnatzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrantza mundutik bizi ziren familietako emazteen beste zereginetariko bat tretzetaz arduratzea zen. Hau da tretzak egitea, enkarnatzea –garnata ezartzea amuan– eta tretzak nahasten zirenean, askatzea. Arraina sareekin harrapatu daiteke –antxoaren kasua–, edo kanaberarekin –atuna, esaterako–. Tretza, ordea, buiek eusten duten soka luze batean ezarritako amuen sistema da, normalean bisiguak eta lupiak harrapatzeko erabiltzen dena. Buia eta berunen bidez soka zein sakoneran luzatu nahi den neurtzen da, eta soka luze horretan, bost metrotik bost metrotara adibidez, beste soka meheagoak –subilak– ezartzen dira, eta  puntan amua, garnatarekin. Tretzak luzatu eta denbora batez uzten dira. Zenbat eta arrain gehiagok irentsi amuak, tretzak pisu gehiago hartzen du, eta buiak gehiago ondoratzen dira. Hori izaten da tretzak batzeko seinalea. Baina ezer baino lehen tretzak egin egin behar dira, eta lan hori etxe barruan burutzen zen, emakume zein gizonek. Baina kontua da arrantzale bakoitza, hau da, familia bakoitza arduratzen zela bere tretzak egiteaz eta enkarnatzeaz, ez txaluparen jabea. Tretzak egiterako orduan neurriak ondo hartzea funtsezkoa zen. Subilen luzera eta euren artean utzi behar zen tartearen arteko proportzioa gorde behar zen, subilak zenbat eta luzeagoak –edo tartea zenbat eta laburragoa– amuak elkarrekin nahasteko arriskua areagotzen baitzen. Zeregin horretarako mahaitxo berezi batzuk erabiltzen ziren. Amuak banan-banan mahai horretan sartutako iltze handian trabatzen ziren, eta subilarekin korapiloa egin ostean, mahaiaren bukaerarainoko luzera ematen zioten, eta han moztu, subil guztiak neurri berdinekoak izateko.  Iltzean sartzen zen amua. Subil zati horiek buiek eusten zuten sokan lotzen ziren, elkarren artean bost bat metrotako tartea utziz. Garai hartako beste lan batzuekin alderatuz, ez zen lan gogorra, batez ere etxe barruko epeletan burutzen zelako, baina bai astuna eta nekagarria. Bai behintzat tretza bakoitzak ehun amu inguru izaten zituela kontutan hartuta, eta familia bakoitzak bi edo hiru tretza egiteaz eta enkarnatzeaz arduratu behar zela. Arrantzale familietako emakumeak lehenik eta behin txalupa jabearen arrain biltegira joan behar ziren, krixararen eskutik garnata jasotzeko. Tretzak ondo enkarnatzen jakiteak bazuen garrantzia, eta emakume bakoitzak operazio horretan zuen trebetasuna edota kemena txalupan nabaritzen zen, tretzak luzatzerako orduan, ondo enkarnatuta ez zihoanaren garnata askatu egiten baitzen, tenik txikienarekin. Noizean behin tretzak nahastu egiten ziren, txalupatik luzatzeko operazioan. Horrelakoetan askatu egin behar izaten ziren, soka moztu eta berriz lotzerik ez zutelako nahi. Nahastea oso handia zenean emakumeek kalera irteten zuten askatzera, gauzak artez egiteko lekua behar zelako. Emakumeen ardura izan arren, gizonek ere laguntzen omen zuten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 7 Iparragirre Burgoa, Gotzon. (2009). «Emakumeen lana arrantza munduan» Ondarroa 2009 (Ondarroako Historia Zaleak-Ondarroako Udala) ISBN BI-1-1.547-82..
  2. 1 2 Iparragirre Burgoa, Gotzon. (2012). Itsasotik bizi. Ondarroako emakumeen lana arrantza munduan. Ondarroako Udaleko Berdintasun Saila, 98 or. ISBN 978-84-615-7468-1..[Betiko hautsitako esteka]
  3. ↑ Sarasua Aranberri, Asier. (2011ko martxoaren 25a). Ikerne Artetxe Zubikarairen testigantza. Ahotsak.eus.
  4. ↑ Fernández, Beatriz. (2025eko otsailaren 9a). “Ariadnaren haria, sexua eta generoa hizkuntzaren labirintoan”. Susa, 92. or. or. ISBN 978-84-19570-38-3..
  5. 1 2 3 4 Kamiruaga, Akaitze. (2022ko abenduaren 27a). “Geu be bagara itsasoa”. ISBN 978-84-19063-20-5..
  6. ↑ Goiria Mendiolea, Nerea. (2011ko otsailaren 24a). Kontxita Elu Arantzamendiren testigantza. Ahotsak.eus.
  7. ↑ Sarasua Aranberri, Asier. (2011ko martxoaren 25a). Patxi Etxaburu Ajarristaren testigantza. Ahotsak.eus.
  8. ↑ Sarasua Aranberri, Asier. (2011ko martxoaren 25a). Patxi Etxaburu Ajarristaren testigantza. Ahotsak.eus.
  9. ↑ Sarasua Aranberri, Asier. (2011ko martxoaren 25a). Patxi Etxaburu Ajarristaren testigantza. Ahotsak.eus.
  10. ↑ Zubikarai, Augustin. “Lengo ta oraingo Ondarroa”. Bilbo: Arranondo Kultur Alkatea-Ondarroa, 53 or. ISBN 84-88464-14-2..
  11. 1 2 3 Arrieta, F. Javier. (2011). “Itsaso aldetik: Ondarroako itsas gizon eta emakumeen kontakizunak”. Arranondo Kultur Elkartea (Ondarroa), Ondarroako Udala ISBN 9788488464057..
  12. ↑ Goiria Mendiolea, Nerea. (2011ko otsailaren 24a). Kontxita Elu Arantzamendiren testigantza. Ahotsak.eus.
  13. ↑ Goiria Mendiolea, Nerea. (2011ko otsailaren 24a). Kontxita Elu Arantzamendiren testigantza. Ahotsak.eus.
  14. ↑ Goiria Mendiolea, Nerea. (2011ko otsailaren 24a). Kontxita Elu Arantzamendiren testigantza. Ahotsak.eus.
  15. ↑ Goiria Mendiolea, Nerea - Aitor Basterretxea. (2012ko martxoaren 15a). Nati Bedialauneta Arkotxaren testigantza. Ahotsak.eus.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]