Edukira joan

Delhi

Delhi
 India
Administrazioa
Izen ofizialaदिल्ली
دہلی
Herrialdea India
Batasuneko LurraldeakNational Capital Territory of Delhi
GobernuburuaRekha Gupta
Zatiketa
Geografia
Koordenatuak28°42′N 77°12′E / 28.7°N 77.2°E / 28.7; 77.2
Azalera1,485 km²
Demografia
Biztanleria26.495.000 (2016)
alt_left 7.800.615 (%29,4) (%33,9) 8.987.326 alt_right
hiriak 16.368.899 (%61,8) (%1,6) 419.042 landa eremua
alfabetatuak 12.737.767 (%48,1) (%15,3) 4.050.174 analfabetoak
Dentsitatea11.463 bizt/km²
Informazio gehigarria
MatrikulaDL-xx
www.delhigovt.nic.in
Jama Masjid, Indiako meskitarik handiena, Taj Mahal eraikitzea agindu zuen enperadore berak eraiki zuen.

Delhi[1], edo bertakoek dioten bezala Dilli (hindiz: दहली, dehlī; urduz: دہلی‎; punjaberaz: ਦਿੱਲੀ)[2][3][4]}}, ofizialki, Delhiko Hiriburu Nazionalaren Lurraldea (HNL) Indiako hiri eta batasun lurralde bat da Indiako hiriburua den New Delhi barne hartzen duena. Administratiboki, Indiako Batasun Lurraldea da, National Capital Territory (euskaraz: Nazioaren hiriburuko lurraldea) osatzen duena. Delhi metropoliaren barruan, New Delhi hiriburua du, eta bertan daude Gobernuaren egoitzak, eta, formalki, hiriburutzat hartzen da[5].

Yamuna ibaiaren ertzean kokatua, baina batez ere mendebalderantz edo eskuineko ertzetik haratago hedatzen dena, Delhik Uttar Pradesh estatuarekin du muga ekialdean, eta Haryana estatuarekin gainerako norabideetan. Delhi 1956ko azaroaren 1ean bihurtu zen batasun lurraldea, eta HNL 1995ean[6]. HNLk 1.484 kilometro koadroko azalera du[7]. 2011ko erroldaren arabera, Delhi hiriko biztanleria 11 milioi baino gehiagokoa zen[8][9], HNLkoa, berriz, 16,8 milioi ingurukoa[10]. Hizkuntza nagusiak hindi, urdu, punjabi eta ingelesa dira.

Yamuna ibaiaren ertzean dagoen Erdi Aroko Purana Qila gotorlekuaren topografia bat dator Mahabharata epopeia sanskritoan agertzen den Indraprastha gotorlekuaren deskribapen literarioarekin; hala ere, eremuan egindako indusketek ez dute antzinako eraikitako ingurunearen zantzurik aurkitu. XIII. mendearen hasieratik XIX. mendearen erdialdera arte, Delhi bi inperio handiren hiriburu izan zen, Delhiko Sultanerriarena eta Mogol Inperioarena, Hegoaldeko Asiako zati handi bat hartzen zuena. Hiriko hiru UNESCOren Gizateriaren Ondare guneak, Qutub Minar, Humayunen Hilobia eta Gotorleku Gorria, garai horretakoak dira. Delhi sufismoaren eta qawwali musikaren lehen gunea izan zen. Nizamuddin Auliya eta Amir Khusrauren izenak nabarmen lotuta daude horrekin. Delhiko khariboli dialektoa literatura urduari eta geroago hindi estandar modernoari eman zion garapen linguistikoaren parte izan zen. Delhiko urdu hizkuntzaren poeta nagusien artean, Mir Taqi Mir eta Mirza Ghalib daude. Delhi 1857ko Indiako matxinadaren gune nabarmena izan zen. 1911n, Delhi barruko hegoaldeko eskualde bat den New Delhi Britainiar-indiar Inperioaren hiriburu bihurtu zen. 1947an, Indiaren partizioan, Delhi hiri mogol izatetik punjabar izatera pasa zen, biztanle musulmanen bi heren galduz, neurri batean Punjaben mendebaldetik iritsi ziren hindu eta sikh errefuxiatuek egindako presioagatik[11]. 1947an, independentzia lortu ondoren, New Delhi Indiako agindupeko lurraren hiriburu izaten jarraitu zuen, eta, 1950etik aurrera, Indiako Errepublikarena.

Ghaziabad, Faridabad, Gurgaon, Noida, Greater Noida eta YEIDA edo Yamuna hiri sateliteak barne hartzen dituen Delhiko hiri-aglomerazioak (Eskualde Nazionalaren Hiriburuaren (ENH) izeneko eremuan kokatua), 28 milioi biztanle baino gehiago ditu, eta horrek Indiako metropoli-eremu handiena eta munduko bigarren handiena bihurtzen du (Tokioren ondoren)[12]. Giza garapenaren indizeari dagokionez, Delhi bosgarren postuan dago Indiako estatuen eta batasuneko lurraldeen artean[13], eta Indiako bigarren BPG handiena du (Goaren ondoren)[14]. Batasuneko lurraldea izan arren, Delhiko NCTren administrazio politikoa gaur egun Indiako estatu batenaren antzekoagoa da, bere legegintzaldi propioa, auzitegi nagusia eta ministro nagusi batek zuzendutako ministroen kontseilu exekutibo bat dituelarik. New Delhi Indiako gobernu federalak eta Delhiko tokiko gobernuak batera administratzen dute, eta nazioaren hiriburua eta Delhiko HNL da. Delhi Eskualde Nazionalaren Hiriburuaren (ENH) erdigunea ere bada, 1985ean sortutako «estatu arteko eskualdeko plangintza» eremua dena[15][16]. Delhik hartu zituen: 1951ko lehen Asiako Jokoak, 1982ko Asiako Jokoak, 1983ko Lerrokatu Gabeko Mugimenduaren gailurra, 2010eko Gizonezkoen Hockey Munduko Kopa, 2010eko Commonwealth Jokoak, 2012ko BRICS gailurra, 2023ko G20 gailurra, eta 2011ko eta 2023ko Munduko kriket koparen ostalari nagusietako hiri bat izan zen.

Ez da erraza Delhi izena nondik datorren jakitea. Hainbat aukera daude:

  • K.o. 50 urtean, Maurya inperioko Dhilu erregeak sortu zuen hiria, eta bere izena jarri zion.
  • Tomara dinastiaren garaiko txanponek dehliwal izena zuten.
  • Dilli, persieraren dehleez edo sanskritozko dehali hitzen aldaera izan daiteke, eta atea esan nahi du.

Antzinako eta Erdi Aroaren hasierako garaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
XVI. mendeko Purana Qilaren hormak, antzinako deskribapen literarioekin bat datorren tumulu baten gainean eraikiak.[17]

Tradizionalki zazpi hiri lotu izan dira Delhi eskualdearekin. Zaharrena, Indraprastha, Mahabharata (K.a. 400etik K.o. 300era idatzia, baina lehenagoko garai bat deskribatzen duena[18])) sanskrito epopeian agertzen den deskribapen literario baten parte da, eta, bertan, Yamuna ibaiaren ertzean dagoen muino batean kokatzen den hiri bat deskribatzen da. Catherine B. Asher arte historialariaren arabera, Mahabharatan ematen den deskribapen topografikoa bat dator Purana Qila eremuarekin, Delhiko Sultanerriaren XIV. mendeko gotorleku bat, baina analogia ez doa askoz haratago. Mahabharatak inguruan gotorlekuak zituen hiri ederki apaindu batez hitz egiten du; indusketek, berriz, «K.a. XI. mendeko zeramika gris margotuaren aurkikuntza irregularrak utzi dituzte agerian; ez da eraikitako ingurunearen zantzurik aurkitu, eta gutxiago gotorlekuren batena»[17].

Arkitektura-erlikia zaharrenak Maurya garaikoak dira (K.a.–300 inguru); 1966an, Asoka Maurya enperadorearen (K.a.–273–235) inskripzio bat aurkitu zen Srinivaspuri inguruan. Hainbat hiri garrantzitsuren aztarnak aurki daitezke Delhin. Lehenengoa, gaur egungo Delhiren hegoaldean zegoen. Tomara Rajput dinistiako Anang Pal erregeak Lal Kot eta hainbat tenplu eraiki zituen K.o.–1052an. Chauhan Rajput-ek, Vigraharaja IV.aren agindupean, Lal Kot konkistatu zuten XII.–mendearen erdialdean, eta Qila Rai Pithora izena jarri zioten.

Delhiko hiriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela lau mila urte jendea bizi izanaren aztarnak aurkitu badira ere, ziurtzat jotzen da K.a.–VI. mendetik aurrera era jarraituan izan dela populatua. Mahabharata, izan ere, testu zaharrean agertzen den Pandava erreinuko Indraprastha izan daiteke. Aztarna arkeologikoen arabera, gaur egungo metropoliaren eremuan fundaturiko zortzigarren hiria da Delhi, aurreko hiriak honako hauek izan zirelarik:

  1. Qila Rai Pitora, Prithviraj III.ak 1180an eraikia.
  2. Siri, Muhammad Khiljik 1303an.
  3. Tughluqabad, 1321 eta 1325 artean eraikia.
  4. Jahanpanah, Muhammad bin Tughluqek XIV. mendearen erdi aldera.
  5. Kotla Firoz Shah, Firuz Shah Tughluqek XIV. mendearen bukaeran.
  6. Purana Qila, Sher Shah Surik.
  7. Dinpanah, Humayunek.
  8. Shahjahanabad, Shah Jahanek 1638 eta 1649 artean eraikia, gerora Delhi izena hartuko zuena.

Delhiko Sultanerria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

703 urtean Tomara dinastiak Lal-Kot herrixka sortu zuen gaur egun Qutub Minar dagoen inguruan egongo zena. 1180a,n Chauhan dinastiako Prithviraj III.ak konkistatu, eta Qila Rai Pitora hiria eraiki zuen. Muhammad Ghori errege afganiarrak, 1192an, hiria hartu, eta musulman bihurtu zuen. 1206rako Delhiko Sultanerriaren hiriburua zen. Delhiko lehenengo sultanak, Qutb-ud-din Aybak, Qutub Minar eraiki zuen, bai eta Indiako lehenengo meskita izango zen Quwwat-al-Islam ere. XIII. mendean, asko handitu zen hiria, eta bertan zeuden dinastia desberdinek hainbat gotorleku eraiki zituzten inguruan. Eremuari «Delhiko zazpi hiriak» deitzen hasi zitzaion.

Delhiko sultanak hinduistekin toleranteak zirela eta, 1398an, Tamerlan konkistatzaileak India inbaditu, eta Delhi arpilatu zuen, bai eta 100.000 hindu exekutatu ere.

Mogol Inperioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mogol Inperioaren ikurra

1526an, Zahiruddin Babur errege mogolak azken sultana garaitu, eta Mogol Inperioan sartu zen. Delhi hiriburu bihurtu zuen, eta, bertatik, Agra eta Lahore gisako herri garrantzitsuak gobernatzen zituen. Mogolek hiru mendez agindu zuten Indian, tartean errebolta hinduak izan baziren ere. Hemu Vikramaditya hinduak adibidez, Delhin gobernatzea lortu zuen 1553an, baina, 1556an, Akbar enperadoreak berriro jarri zituen mogolak agintean.

Shah Jahan erregeak, 1638 eta 1649 artean, Shahjahanabad hiria sortu zuen; bere egoitza bertan ezarri, eta Gotorleku Gorria eraiki zuen bertatik inperio osoa gobernatzeko. Gaur egungo Old Delhi (Delhi zaharra) da. 1680tik aurrera baina, mogolen indarra jaisten hasi zen, eta hinduak ziren Maratha familiaren indarrak gora egin zuen.

Maratha Inperioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nadir Xah erregeak, 1752an Karnaleko gudua irabaztean, Maratha dinastiak hegoaldeko lurretako Mogol Inperioaren agintea hartu zuen. Ez zuen asko iraun, izan ere, Afganistanen fundatzaileak, Ahmed Sah Abdali erregeak, 1761ean, Delhi konkistatu, eta, berriz ere, musulman bihurtu baitzuen inperioa. Marathek, orduan, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiari laguntza eskatu, eta, 1803an, Mogol Inperioaren bukaera iritsi zen.

Britainiar Raj

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak abantaila handiak lortu zituen, eta Indiaren komertzioaren jabe bihurtu zen. 1857ko matxinadak ordea Erresuma Batuko koroaren partaidetza zuzena ekarri zuen Britainiar Raj bihurtuz. 1911n, britainiarrek, arrazoi komertzialei jarraiki, Kalkuta jarri zuten Indiaren hiriburu, eta, Delhiren garrantzia gutxitzen ari zela ikusita, hiriaren eremu bat hartu, eta New Delhi (Delhi Berria) sortu zuten bertan agintarien egoitza ederrak eraikiz.

Independentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1947ko abuztuaren 15ean, Indiak bere askatasuna lortu zuenean, New Delhi bihurtu zen herrialdeko hiriburu. India eta Pakistanen arteko banaketan, Punjab eta Sindheko immigrante asko hartu zituen, bai eta Delhin bizi ziren musulman askoren emigrazioa ikusi ere. 1984an, sikhek Indira Gandhi lehen ministroa hil zutenean, sikhen aurkako erreboltak izan ziren Delhin, eta, lau egunean, 3.000 sikh hil zituzten.

Delhiren aireko ikuspegia 2016ko apirilean, Yamuna ibaia goian eskuinean duela

Delhi India iparraldean dago, 28°37′N 77°14′E / 28.61°N 77.23°E / 28.61; 77.23 koordenatuetan. Hiriak, iparraldean, mendebaldean eta hegoaldean Haryana estatua du mugakide, eta, ekialdean, Uttar Pradesh (UP). Delhiko geografiaren bi ezaugarri nabarmen Yamuna uholde-lautadak eta Delhiko gandorra dira. Yamuna ibaia zen Punjab eta UP arteko muga historikoa, eta bere uholde-lautadek nekazaritzarako egokia den lurzoru alubial emankorra eskaintzen dute, baina uholde errepikakorrak izateko joera dute. Yamuna ibaia, hinduismoan ibai sakratua, Delhitik igarotzen den ibai nagusi bakarra da. Hindon ibaiak Delhiko ekialdetik bereizten du Ghaziabad. Delhiko gandorra hegoaldean dagoen Aravalli mendilerroan sortzen da, eta hiriaren mendebaldea, ipar-ekialdea eta ipar-mendebaldea inguratzen ditu. 318 m-ko altuera du, eta eskualdeko ezaugarri nagusia da[19].

Yamuna ibaiak sortutako hezeguneez gain, Delhik 500 urmael baino gehiago ditu oraindik ere 5 ha baino gutxiagoko hezeguneak), eta horiek, aldi berean, hegazti espezie ugari babesten dituzte[20]. Delhiko urmaelek, zaborra botatzeagatik eta hormigoitzeagatik hondatze ekologikoa jasan arren, mundu osoko urmaelak erabiltzen dituzten hegazti espezie kopuru handiena babesten dute[21]. Delhin indarrean dagoen politikak hezeguneen bihurketa eragozten du eta, nahi gabe bada ere, hiriko urmaelak hegaztientzako babesleku baliotsu bihurtu ditu[20][21].

Delhiko Hiriburu Nazionalaren Lurraldeak 1.483 km2-ko azalera du, eta, horietatik, 783 km2 landa eremukoak dira, eta 700 km2 hiri eremukoak; beraz, herrialdeko hiririk handiena da azalera aldetik. 51,9 km-ko luzera eta 48,48 km-ko zabalera du[erreferentzia behar]. Delhi Indiako IV. eremu sismikoan sartuta dago, eta horrek lurrikara handiekiko duen ahultasuna adierazten du[22].

Klima azpitropikal erdi lehorra du Delhik. Uda beroa izaten da, 40 °C ohiko tenperatura eta hezea da, montzoi garai orduan izaten baita. Neguan, berriz, lehorra eta hotza da, eta zero azpiko tenperaturak ere gerta daitezke. Batezbesteko prezipitazioak 67 mm-koak dira, baina erortzen den euri guztia montzoi garaian izaten da. Tradizioak dioenez, montzoia ekainaren 29an iristen da urtero Delhira.

    Datu klimatikoak (Delhiko (Indira Gandhi Nazioarteko Aireportua) 1981–2010)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 31.0 35.7 41.3 45.3 48.4 47.8 44.6 43.2 40.8 40.7 36.4 30.4 48.4
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 20.4 24.1 29.9 37.1 40.3 39.9 35.9 34.4 34.7 33.4 28.5 22.8 31.8
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 7.3 10.2 15.1 21.4 26.0 27.7 27.0 26.2 24.7 19.5 13.6 8.8 19.0
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -2.2 -1.6 3.4 8.6 14.6 19.8 17.8 20.2 13.6 9.9 2.1 -1.3 -2.2
Euria (mm) 18.4 20.0 13.2 9.1 37.7 82.1 174.4 188.7 105.3 13.7 5.1 6.9 674.5
Euri egunak (≥ 1 mm) 1.4 1.7 1.4 1.0 2.6 4.0 8.6 8.3 4.6 0.9 0.5 0.7 35.7
Hezetasuna (%) 53 44 34 23 26 40 61 66 56 41 42 52 45
Iturria: India Meteorological Department[23][24][25]

Delhi hiri kosmopolita bihurtu da, batez ere Indiak independentzia lortu zuenez geroztik, orduan beste probintzietako jende asko etorri baitzen bertara hiriaren populazioa ia modu esponentzialean handituz. Aipatzekoa da, era berean, errefuxiatu tibetarren etorrera 50. eta 60. hamarkadetan, haien auzo propioa ere sortu dutelarik.

Hiria hain azkar hazteak ere arazo batzuek ekarri ditu. Esate baterako, biztanleen % 52 slum deritzen txabola-auzoetan bizi da, oinarrizko ur eta argi indar hornidurarik gabe eta estolderiarik gabe. Indiako hiri handietako kriminalitate tasa handiena ere badu, baita emakumeen eta haurren aurkako bortxakeria kasuetan ere.

UrteaPopulazioa
1865152.400
1871154.400
1881173.400
1891192.600
1901214.115
1911237.944
1921304.420
1931447.442
1941521.800
1951914.800
19612.061.800
19713.694.500
19814.865.100
19917.206.704
20019.817.439
200811.954.217

Hinduismoa da erlijio nagusia, populazioaren % 82ak berau jarraitzen duelarik. Ondoren datoz musulmanak (% 11'7), sikhak (%c4), jainistak (% 1'1) eta kristauak (% 0'9). Badaude beste gutxiengo batzuk ere, hala nola budistak eta juduak.

Delhi, Asia hegoaldeko hiri garrantzitsua da. Bere ekonomia, Indiakoarekin batera, azkar hazten ari da. Delhiko biztanleen per capita errenta 53.976 errupia da, nazioaren batezbestekoaren bikoitza baino gehiago. Langabezia tasa ere nabarmen murriztu da, 2000. urtean % 12,27 bazen ere, 2003an % 4'63ra jaitsi zen.

Jendeak ingelesa hitz egiten duenez, hirugarren sektorea da nagusi, biztanleen % 70,95 hartzen duelarik. Bigarren sektoreak, % 25,20, eta lehenengoa % 3'85 baino ez da.

Delhi eta New Delhiko monumentu esanguratsuenen zerrenda:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (kontsulta data: 2013-02-10).
  2. ↑ Platts, John Thompson. (1960). A dictionary of Urdu, classical Hindi, and English. Londres: Oxford University Press, 546 or. ISBN 0-19-864309-8. OCLC .3201841 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-01-09) (kontsulta data: 2020-11-12).
  3. ↑ The Constitution (Sixty-Ninth Amendment) Act, 1991. Ministry of Law and Justice, Government of India jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-08-21) (kontsulta data: 2014-11-23).
  4. ↑ Habib, Irfan. (1999). The agrarian system of Mughal India, 1556–1707. Oxford University Press ISBN 978-0-19-562329-1. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-01-01) (kontsulta data: 2015-11-06)
    Aipua: «Leku-izenetarako, Indiako egungo Inkesta ortografikoari jarraitzen zaio, gure iturrietako ortografiarekiko nabarmen aldatzen diren kasuetan izan ezik: horrela, 'Dehli' irakurri dut, eta ez 'Delhi' ...»
    .
  5. ↑ (Gaztelaniaz) Chile, Biblioteca del Congreso Nacional de. (2023-08-18). «=Nueva Delhi, la capital del comercio, la política y la cultura en India - Programa Asia Pacifico» Observatorio Asiapacifico (kontsulta data: 2023-08-18).
  6. ↑ Springer Nature Limited, ed. The Statesman's Yearbook 2023: The Politics, Cultures, and Economies of the World. Londres: Palgrave Macmillan, 589 or. ISBN 978-1-349-96055-2.
    Aipua: «Delhi 1956ko azaroaren 1ean bihurtu zen Batasuneko Lurraldea eta 1995ean izendatu zuten Hiriburu Nazionalaren Lurraldea. Delhik 1.483 km²-ko azalera du. Bere biztanleria (2011ko errolda) 16.787.941koa da.»
    .
  7. ↑ «Information about Delhi» web.archive.org 2020-11-29 (kontsulta data: 2025-05-20).
  8. ↑ «Census of India: Provisional Population Totals Paper 1 of 2011, NCT of Delhi» Census of India 2011 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-01-09) (kontsulta data: 2022-02-12).
  9. ↑ This study settles the Delhi versus Mumbai debate: The Capital's economy is streets ahead. 2018-10-02 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2018-12-21) (kontsulta data: 2018-12-21).
  10. ↑ «Delhi (India): Union Territory, Major Agglomerations & Towns – Population Statistics in Maps and Charts» City Population jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-03-02) (kontsulta data: 2017-02-28).
  11. ↑
    • Talbot, Ian; Singh, Gurharpal. (2009). The Partition of India. Cambridge University Press, 118–-119 or. ISBN 978-0-521-85661-4. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-12-02) (kontsulta data: 2021-12-03)
      Aipua: «Ia klixe bat da orain zatiketak Delhi hiri mogol batetik hiri punjabiar izatera eraldatu zuela. Pakistanen, islamisten eskutik errefuxiatuen esperientzia mingotsek eskuineko alderdi hinduak babestera bultzatu zituzten ... Arazoak irailean (1947) hasi ziren, Pakistandik errefuxiatuak iritsi ondoren, mendekua hartu, eta musulmanak okupatu zitzaketen jabetzetatik kanporatzeko erabakia hartuta baitzeuden. Gandhik, Birla House-n egindako otoitz bileretan, Pakistanera joan ziren musulmanen "oker eta jatorgabekeriaz" egindako kanporatzea salatu zuen. Gomendio horiek gorabehera, hiriko musulmanen bi herenek Indiako hiriburua utzi behar izan zuten azkenean.»
      .
    • Pandey, Gyanendra. (2001). «Folding the national into the local: Delhi 1947–1948» Remembering Partition: Violence, Nationalism and History in India. Cambridge University Press ISBN 9780521807593..
  12. ↑ The World's Cities in 2018. United Nations jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-08-31) (kontsulta data: 2021-09-02).
  13. ↑ (Ingelesez) «Sub-national HDI – Area Database» Global Data Lab (Institute for Management Research, Radboud University) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2018-09-23) (kontsulta data: 2018-09-25).
  14. ↑ ECONOMIC SURVEY OF DELHI 2023 – 24" (PDF). delhiplanning.delhi.gov.in. Archived from the original (PDF) on 30 September 2024. Retrieved 15 August 2024.
  15. ↑ «Rationale» ncrpb.nic.in (NCR Planning Board) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2012-12-16) (kontsulta data: 2017-03-05)
    Aipua: «Indiako Hiriburu Nazionaleko Eskualdea (NCR) 1985eko NCRPB Legearen arabera eratu zen»
    .
  16. ↑ «Census 2011» National Capital Region Planning Board (National Informatics Centre): 3. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2016-04-06) (kontsulta data: 2016-03-26).
  17. 1 2 Asher, Catherine. (2000-09-25). «Delhi walled: Changing boundaries» in James D. Tracy City Walls: The Urban Enceinte in Global Perspective. Cambridge University Press, 247–-250 or. ISBN 9780521652216. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2022-01-09) (kontsulta data: 2021-10-12).
  18. ↑ (Ingelesez) Austin, Christopher R.. (2019). Pradyumna: Lover, Magician, and Scion of the Avatāra. Oxford University Press, 21 or. ISBN 978-0-19-005411-3. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2023-09-07) (kontsulta data: 2024-02-02).
  19. ↑ Mohan, Madan. (2002-04). «GIS-Based Spatial Information Integration, Modeling and Digital Mapping: A New Blend of Tool for Geospatial Environmental Health Analysis for Delhi Ridge» Spatial Information for Health Monitoring and Population Management (FIG XXII International Congress): 5. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015-12-22) (kontsulta data: 2007-02-03).
  20. 1 2 Rawal, Prakhar; Kittur, Swati; Chatakonda, Murali K.; Sundar, K.S. Gopi. (2021). «Winter bird abundance, species richness and functional guild composition at Delhi's ponds: does time of day and wetland extent matter?» Journal of Urban Ecology 7 (1): Online first.  doi:10.1093/jue/juab001. (kontsulta data: 2021-03-31).
  21. 1 2 Rawal, Prakhar; Kittur, Swati; Chatakonda, Murali K.; Sundar, K.S. Gopi. (2021). «Capital ponds: Site-level habitat heterogeneity and management interventions at ponds regulate high landscape-scale bird diversity across a mega-city» Biological Conservation 260: 109-215.  doi:10.1016/j.biocon.2021.109215. ISSN 0006-3207. Bibcode: 2021BCons.26009215R. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-06-24) (kontsulta data: 2021-06-23).
  22. ↑ «Hazard profiles of Indian districts» National Capacity Building Project in Disaster Management (UNDP) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2006-05-19) (kontsulta data: 2006-08-23).
  23. ↑ Station: New Delhi Palam (A) Climatological Table 1981–2010. India Meteorological Department January 2015, 553–554 or. (kontsulta data: 2020ko otsailaren 5a).
  24. ↑ Extremes of Temperature & Rainfall for Indian Stations (Up to 2012). India Meteorological Department December 2016, M46 or. (kontsulta data: 2020ko otsailaren 5a).
  25. ↑ New Delhi (Palam) Climatological Table 1981–2010. India Meteorological Department (kontsulta data: 2020ko otsailaren 5a).

Irakurketa gehiago

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]