Amale Arzelus
Amale Arzelus Arrieta (Donostia, Gipuzkoa, 1924ko otsailaren 19a – ibidem, 2015eko irailaren 28a) euskaltzalea eta irrati esataria izan zen. Irratiz euskaraz aritu zen lehen emakumea izan zen.[1]
| Amale Arzelus | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Donostia, 1924ko otsailaren 19a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Donostia, 2015eko irailaren 28a (91 urte) |
| Familia | |
| Aita | Ander Arzelus |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | irrati-esataria eta hizlaria |
| Kidetza | Euskerazaintza |
Biografia
aldatu1924an otsailaren 19an jaio zen Donostian. Gurasoak Ander Arzelus Toledo —Luzear ezizenekoa— eta Amalia Arrieta. Hiru anai-arreba izan zituen: Itziar, Ander eta Iñaki. Txurruka kaleko Arantzazuko Ama ikastolan ikasi zuen. Txikitatik, bere aitaren eskutik, euskararen aldeko lanetan aritu zen, bai euskal irratian, bai antzezlanetan (Neskamearen marmarrak antzerkitxoa berak antzezteko idatzi zuen aita Luzearrek). Amak ez zekien euskaraz. 1932ko martxoaren 2an euskarazko lehen irratsaioa egin zuten Luzearrek eta Joseba Zubimendik, Donostiako Union Radio irratian. Arzelus, 8 urte besterik ez zituela, irratian euskaraz aritu den lehen emakumea bihurtu zen. Euskara zabaltzeko helburuarekin egiten zuten. Aitak idatzitako bakarrizketa, antzezlan eta hitzaldien esatari izan zen Arzelus, garaiko euskal kulturaren izen handien artean. Euskarazko klaseak ere eman zituzten, Luzearrek irakaslearen rola hartuz eta Arzelus, ordea, ikaslearena. Haiengandik ikasitako euskararekiko maitasunari eutsi zion bizitza osoan; poxpolinetan antzezle, irratian esatari, andereño eta Euskarazaintzako kide gisa, nagusiki.[2]
Irratsaio hartan, mikroaren aurrean pasa ziren, besteak beste, Xabier Lizardi, Aitzol, Telesforo Monzon, Emeterio Arrese, Orixe, Toribio Alzaga, Elbira Zipitria, Tomas Garbizu, Jean Lafite... Orduko prentsak, ordea, izartzat jotzen zuen Arzalus.[3][4]
1936ko Gerra Zibilean, Bilbotik igaro ondoren Ipar Euskal Herrira, Azkainera joan zen sendi osoarekin, aita izan ezik, hau Santoñan preso hartu baitzuten, eta 1943 arte kartzelaturik izan zen, lehendabizi El Duesoko espetxean, gero Larrinagan eta azken 5 urteak Burgosko Penalean, 2 urtez heriotz zigorpean.
Lan ibilbidea
aldatu1940ko urtarrilean, Iparraldetik Donostiara bueltatu ziren. Bertan hasi behar izan zuen lanean, euskara eta frantsesa irakasten aritu zen diru laguntza etxeratzeko, bere ahizpa eta nebek ikasketak jarrai zezaten, bera baitzen sendiko zaharrena aita kartzelan jarraitzen zuen eta.
1943an aita kartzelatik irten ondoren, Madrilera joan behar izan zuen, derrigorrez atzerriratua izan baitzen, baina 1944ean Donostira joan ahal izan zuten berriro. Elviraren laguntzarekin, Beneditarren "Gráficas Fides" inprimategian lortu zuen idazkari lana. Bertan aitaren zuzendaritzapean antzezlanetan jarraitu zuen, 1946an aitak Frantzian errefuxiatu behar izan zuen arte.
Urte berean Elbira Zipitriaren eskaera jarraituaz, Gerra ondoko bigarren Etxe-Ikastola klandestinoa sortu zuen, San Jeronimo kaleko 20an.[5]
Horretan jarraitu zuen 1968 urtera arte haur-ikastolekin hauek "legeztatuak" izan ziren artean, eta ordutik aurrera adinekoei irakasten jarraitu zuen beste urte askoan.
Euskerazaintzako kide izan zen sortu zenetik bere azken egunera arte. 1994ean Euskaltzain izendatu zuten. Beste elkarte bat ere sortu zuten euskerazale batzuen artean, besteak beste, "Arbasoen izkuntza zaleak" izenarekin. Bertan euskalkien aldekoak ziren eta ez zuten garaiko euskara batuak zeraman bidea onartzen, batua horretan erdelkeria gehiegi ikusten baitzuten, nahiz eta euskara batutzea beharrezkoa zela onartu.
Ezkontza eta ondorengoak
aldatu1948ko azaroaren 27an Andoni Zinkunegirekin ezkondu zen eta urtebete geroago haien 9 seme-alabetako lehen semea jaio zen, Ander. Bederatzi biloba izan zituen eta haiengandiko bost birbiloba ere ezagutu zituen.
Heriotza
aldatu2015eko irailaren 28an, 91 urte zituela, hil zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Amale Arzelus | Euskaraz aritu zen lehen emakume esataria» EITB (kontsulta data: 2024-02-15).
- ↑ «Amale Arzelus: “Aitarengandik jaso nuen euskararekiko maitasuna”», Irutxuloko Hitza, 2012-02-28.
- ↑ Urtzi Urkizu: «Euskarazko lehen irratsaioa aireratu zela 80 urte beteko dira gaur», Berria, 2012-03-02.
- ↑ Koldo Ordozgoiti Juanenea: «Euskara hegaz: euskal irratiak 80 urte»], Euskonews & Media, 615. zenbakia, 2012-03-02.
- ↑ https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/amale-arzelus-jaio-zen-donostian-irratian-euskaraz-aritu-zen-lehen-emakumea
Kanpo estekak
aldatu- Amale Arzelusen biografia Ahotsak.com webgunean.
- Amale Arzelusekin elkarrizketa Ahotsak.com webgunean.
- Elkarrizketa Amale Arzelusen semeari, amaren testuekin eta beste batzuekin liburua atera duela eta Berria, 2025-4-2