Aimar Olaizola
| Aimar Olaizola | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Goizueta, 1979ko azaroaren 13a (46 urte) |
| Herrialdea | |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | gaztelania euskara |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | esku huskako pilotaria |
| Posizio edo espezialitatea | aurrelaria |
| Pisua | 87 kilogramo |
| Altuera | 1,83 metro |
| Jasotako sariak | ikusi
|
Aimar Olaizola Apezetxea,[oh 1] pilota arloan Olaizola II.a deituraz ezaguna (Goizueta, Nafarroa Garaia, 1979ko azaroaren 13a) esku huskako pilotari profesional ohia da. Aurrelari aritzen zen, Baiko Pilota enpresarekin. Garai guztietako pilotari onenetakotzat jotzen da, eta hiru txapelketa nagusiak batuta final gehien jokatu dituena da.[1][2]
Historian binakako txapelketako final gehien jokatu dituen pilotaria da, lau eta erdiko txapelketako txapel gehien dituena, eta hiru txapelketa nagusiak batuta txapel gehien dituztenen artean bigarrena (Retegi II.a da lehena). Era berean, bigarrena da buruz buruko txapelketako final gehien jokatu dituztenen artean (horretan ere Retegi II.a da lehena). Beste hainbat errekor ditu, hala nola XXI. mendeko lehen laurdenean buruz buruko txapelketa batean batez beste tanto gutxien jaso dituen pilotaria izatea (2012koan batez beste 9 tanto egin baitzizkioten),[3] edo bi urtez jarraian banakako txapelketa guztiak irabaztea (jarraian lortu zituen 2012ko buruz burukoa, 2012ko lau eta erdikoa, 2013ko buruz burukoa eta 2013ko lau eta erdikoa).[4]
Aipatzekoa da Aimar Olaizola bederatzi pilotari bakarretako bat dela, Julian Retegi, Fernando Arretxe, Abel Barriola, Juan Martínez de Irujo, Urrutikoetxea, Oinatz Bengoetxea, Jokin Altuna eta Unai Lasorekin batera, profesional mailako lehiaketa gorenetako hiru txapelak lortu dituena.
Kirol ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Olaizola I.a pilotariaren anaia, txikitatik Aimar bere herriko frontoian jokatzera zaletu zen. Afizionatuetan lortutako garaipenik nabarmenenak hauek dira: Espainiako 20 urtez azpiko buruz buruko txapelketa 1998an, Nafarroa Garaikoa 1998an, Gazteen Diario Vasco txapelketa 1996an eta Elgetako lau eta erdiko torneoa 1995ean.
Debuta baino lehenagotik nabarmendu zen Aimar eta profesionalismora jauzi egin ondoren berehala ireki zuen tartea enpresako pilotari onenen artean. Debutatu eta hilabete gutxira, Buruz Buruko bigarren mailako txapelketa irabazi zuen Hirigoien 22-16 mendean hartuta Astelena frontoian.[5]
Retegi II.ak, garai guztietako pilotaririk sarituenak, Logroñoko Adarragan jokatu zuen agur partiduan, 2001eko irailaren 20an, Olaizola II.a aukeratu zuen aurkari gisa. Retegi II.ak 47 urte zituen eta Olaizola II.ak 22, 25 urteko aldea.[6]
Maila goreneko bere lehen txapela 2002an lortu zuen, lau eta erdiko txapelketan. Finalera iristeko, partida guztiak nabarmen irabazi zituen: Goñi III.a 5 tantoan utzi zuen; Tirapu, 7an; Koka, 6an; Otaegi, 7an; Beloki, 7an; Unanue, 8an; eta Esain, 11n. Finalean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Abel Barriolari 22 eta 13 irabazi zion. Abel Barriola zen une hartako pilotari izarra, aurreko denboraldian Belokiri, jardunean ziren pilotarien artetik txapel gehien zuenari, buruz buruko finalean 22-3 irabazi baitzion.[7] Barriola, gainera, Eugi, pilota profesionaleko beste izar handienetako bat, 2001eko lau eta erdiko finalean egurtzetik zetorren.
Hurrengo denboraldian beste erakustaldi bat egin zuen buruz buruko txapelketan: Barriola 2 tantoan utzi zuen; Eugi, 9an; eta Gonzalez, 5ean. Ondoren, finalerdietan, Belokiren aurkako partidaren erdialdean lesionatu zen; partidaren gainerakoa esku bakarrarekin jokatu zuen, eta irabazi. Egun batzuk geroago, oraindik lesionatuta zegoela, buruz burukoaren finala jokatzea erabaki zuen, min nabarmenak zituen arren, eta aise galdu zuen Patxi Ruizen aurka Atano III.ean, bere maila eman ezinik.[8] Aimar gogor kritikatu zuen publikoak eta katedrak, egoera horretan bere gain hartu ezin zezakeen partidu batera lesionatuta aurkezteagatik. Bizeps femoralean lesionatu zen, eta 150 egunez jokatu gabe egon behar izan zuen.
Denboraldi berean, binakako finalera heldu zen Pascualekin, koadroko atzelari ahulenetako batekin. Finala, Koka eta Belokiren aurka, 22-15 galdu zuten, Atano III.ean.[9]
Hurrengo urtean, 2004an, lau eta erdiko txapelketa irabazi zuen, finalean Barriola erraz garaituta, 22-8.[10] Aurretik Gonzalez 12 tantoan utzi zuen; Agirre, 7an; Capellan, 6an; Nagore, 16an; eta Xala, 5ean eta 8an (haren aurka bi partida jokatu baitzituen).
2005eko buruz buruko finalean Martinez de Irujo garaitu zuen, ordu arte modalitatean galdu gabea zen pilotaria. Finalaurrekoetan, Olaizolak Gonzalez 22-6 kanporatu zuen.[11] Urte horretako lau eta erdiko finalean erraz gailendu zitzaion Xalari, orduko beste pilotari garrantzitsuenetako bati, 22-5.[12]
2006ko denboraldian, bi porrot gogor jasan zituen; buruz buruko finala galdu zuen, txapelketan zehar emaitza onak lortu arren, Eugiren aurka 22-4an lortutako garaipena nabarmenduz; eta binakakoan ere, Zearrarekin jokatuta, finala galdu zuen, Martinez de Irujo eta Eulateren aurka.[13][14]
Bere hurrengo txapela 2007ko buruz burukoan irabazi zuen, Barriolaren aurka, 22 eta 10.[15]
Hilabete batzuk geroago, Buruz Buruko BBK Masters Baskepensiones txapelketako finalean Eugiri erraz gailendu zitzaion berriro, 22-6, aurretik Martinez de Irujo 22-9 mendean hartuta.[16]
2008an irabazi zuen lehen aldiz oraindik bereganatua ez zuen txapelketa nagusi bakarra, binakakoa, Oier Mendizabalekin batera (bigarren mailakotzat jotzen zen atzelari bat), erakustaldia eginda.[17] Urte berean lau eta erdikoa ere irabazi zuen, finalean Martinez de Irujori 22-17 irabazita, eta finalerdian Titin III.a, pilota profesionalaren pilotari nabarmenenetako bat, 22-9 mendean hartuta.[18]
2009an aurreko urteko balentria errepikatu zuen, Mendizabalekin batera Binakako Txapelketako finalera iritsita, beste joko erakustaldi baten ondoren. Alabaina, finala 22-21 galdu zuten, Martinez de Irujo eta Goñi III.aren aurka, Goñiren zorioneko eskapada baten ondoren.[19] Buruz burukoan 22-12 galdu zuen Martinez de Irujoren aurka; gero, txapela jokoan izan gabe, buruz burukoaren errebantxatzat jotzen den partida batean, Olaizola nagusitu zen, Martinez de Irujori 22-9 gailenduta.[20]
2010eko buruz burukoaren lehen partidan, apirilaren 24an, lesio larria izan zuen, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi baitzuen. Sei hilabete baino gehiago egon behar izan zuen geldirik, eta denboraldiaren zatirik handiena galdu zuen.[21]
2011ko denboraldian, Olaizola II.ak lesiotik erabat osatu zela erakutsi zuen, inoiz baino sasoi hobean jokatuz. Izan ere, urte berean lortu zuen —bere ibilbidean lehen aldiz— pilota profesionaleko hiru txapelketa nagusietan denboraldi berean finalera iristea. Binakako txapelketan, Aritz Begino atzelariarekin bikotea osatuz, Xala eta Beroitz 22-14 gainditu zituen finalean.[22] Lau eta erdikoa ere irabazi zuen, bosgarren aldiz, finalean Martinez de Irujori erraz gailenduta.[23] Denboraldi horretan, buruz buruko txapelketak baino ez zion ihes egin, finala 22-19 galdu baitzuen Xalaren aurka, eta horrek eragotzi egin zion txapelen hiruko historiko bat osatzea, pilotazaleek oroimenean gordetzeko modukotzat jo zuten partida batean.[24]
2012 eta 2013ko denboraldiak bere ibilbideko onenak izan ziren: partiden % 73ko irabazi zituen, bai eta banakako txapel guztiak ere, erakustaldi handiak eginez. Buruz buruko finaletan lortutako bi garaipen argiak nabarmentzen dira bereziki, 22-7ko emaitzarekin Martinez de Irujoren aurka.[25][26]
Gero, beste hainbat final jokatu zituen, hala nola Mikel Urrutikoetxearen aurka 2015eko denboraldian 22 eta 19 galdu zuen buruz buruko finala[27] (Altuna final-laurdenetan 8 tantoan uztetik zetorren, eta Martinez de Irujo finalerdietan 15ean uztetik), baina txapelik irabazi gabe. Urte batzuetako lehorte horri amaiera eman zion 2016ko binakako txapelketan, Urrutikoetxearekin batera irabazita. Lorpen aipagarria izan zen, biak berez aurrelariak baitziren, nahiz eta Urrutikoetxeak atzelari jokatu.[28]
Hurrengo urteetan, adinean aurrera zihoalarik lehengo abiadura eta indar ikusgarriak motelduak zituen arren, maila lehiakorrean jarraitu zuen: 38 urterekin. buruz buruko finala jokatu zuen Altunaren aurka;[29] eta 40 urterekin, binakako txapelketan ere, berriro Urrutikoetxea atzelari zuela, finala jokatu zuen Ezkurdia eta Martijaren aurka.[30]
2021eko azaroaren 13an erretiratu zen pilota profesionaletik, 42 urte bete zituen egunean, Goizuetako pilotalekuan, bere jaioterrian, 23 urteko ibilbide profesional arrakastatsuaren ondoren.[31]
2012ko denboraldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2012ko denboraldia ahalik eta ondoen hasi zen Olaizola II.arentzat. Aurreko urteko Eskuz Binakako Txapelketako finalan bere aurkaria izan zena egokitu zitzaion bikote bezala, Beroiz atzelari nafarra.
Olaizola II-Beroiz bikotea garaiezina ibili zen final-laurdenetako ligaxkan, aurkari guztiak mendean hartuta eta guztien aurrean nagusitasun argia erakutsiz. Hala ere, bikote faboritoak pronostiko guztien aurrean huts egin zuen finalerdietako ligaxkan, non Titin III.a - Merino II.a bikote errioxarrak 22-20 irabazi zien bigarren partidan. Horrela, azken jardunaldian Olaizola II.ak eta Beroizek finalerako sailkapena jokatu behar izan zuten Xala eta Laskurainen aurka. Olaizola II.a eta Beroiz nagusi izan ziren partidaren zati handi batean, baina Beroizen arazo fisikoek, eskuin eskuan min hartu baitzuen partidan zehar, aurkariei partida iraultzeko eta 22-18 irabazteko aukera eman zien, Aimar eta Beroiz finaletik kanpo utziz.[32]
Buruz Burukoan, Olaizola II.ak Binakako txapelketako trago mingotsa ezabatu zuen. Txapelketari zalantzaz ekin zion, bizkarrean mina zuelako eta bere lehen partida atzeratu behar izan zuelako. Final laurdenetako partida honetan, Retegi Bi kanporatzea lortu zuen 22-15 emaitzarekin.[33] Hurrengo bi partidak, ordea, joko erakustaldiekin konpondu zituen, Bengoetxea VI.a 22-5 kanporatuz finalerdian[34] eta Martinez de Irujo 22-7 garaituz finalean.[35]
Udan zehar Aimar Olaizolak hainbat torneo irabazi zituen; Zarauzko Hiria Torneoa, Jon Ander Albisu gipuzkoarrarekin bikote lanak eginez; Bilbo Hiria, oraingoan Aritz Begino atzelari zela eta irailean Lekeitioko Sanantolin Torneoa, oraingoan Apraizekin.
Olaizola II.ak urriaren 27an hasi zuen Lau t 'erdiko txapelketa, final-laurdenetako ligaxkarako zuzenean sailkatuta. Bere final-laurdenetako multzoko jaun eta jabe izan zen bere hiru partidak irabazita, aldeko 34 puntuko aldearekin. Finalerdietan Olaizolak 22-18 Juan Martinez de Irujori irabazi zion, goizuetarrak torneoan jokatu zuen partidarik estuena izan zen eta askok Lau t 'erdiko final aurreratutzat hartu zuten. Finalean, abenduaren 16an jokatutakoa, Aimarrek 22-9 irabazi zion Bengoetxea VI.ari, aurretik ere ligaxkan mendean hartu zuen ere. Hau bere Lau t 'erdiko seigarren titulua bihurtu zen.[36]
2013ko denboraldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Denboraldia Eskuz Binakako Txapelketarekin hasi zen. Oraingoan Olaizola II.a Ibai Zabalarekin parekatu zuen bere enpresak, momentu horretan bigarren mailakotzat jotzen zen atzelari bizkaitarrarekin, izan ere, partiduren bat baino ez zuen jokatu ordezko bezala Binakako txapelketaren aurreko edizioan. Zabalarekin parekatua izateak ziurgabetasuna zekarren arren arren, bikoteak arazorik gabe lortu zuen ligaxkan aurrera egitea, eta bigarren geratu ziren 10 garaipen eta 4 porrotekin. Olaizola II - Zabala bikoteak Mtz.de Irujo - Zabaleta txapelketako faborito nagusiak baino gutxiago izan ziren, eta nahiko erraz garaitu zituzten final-laurdenetako ligaxkako bi neurketetan.
Hala ere, Aimarrek banakako modalitateetan erakutsi zituen bere dohainak eta jokoa, non bere kalitatearen mende baino ez zegoen, eta berriro ere garaiezin agertu zen. Denboraldi honetan, oso erraz eta aurreko urteko emaitza berdinarekin irabazi zion Martinez de Irujori, 22-7 Bizkaia pilotalekuan Buruz Buruko finalean, eta hori baino emaitza estuagoarekin, 22-16, gailendu zitzaion Lau t 'erdiko finalean.[37]
Bere jokoaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aimar Olaizola teknika bikainagatik eta postura guztiak menderatzeagatik nabarmendu den pilotaria da, bereziki ezkerreko gantxoagatik eta tantoak bukatzeko gaitasun errematatzaile bikainagatik. Era berean, bere defentsa handia eta bere gogortasuna nabarmentzen dira, baita buru hotza eta partida gehienak irabazteko aukera ematen zion jokoari buruzko irakurketa bikaina ere.
Ezohiko erremate-gaitasun hori muturrera eraman zuen, bereziki Lau t 'erdian, eta benetako espezialista bihurtu zen, 8 finaletatik 7 irabaziz. Bestalde, azpimarratzekoa da beti abantaila handiak eskaini zituela Binakako txapelketan, gehienetan enpresako atzelari ahulenekin jokatuz.
Martinez de Irujoren aurkako lehia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elkarrekin topo egin zuten hamahiru urteetan, Aimar Olaizolak lehia bizia izan zuen bere ibilbide profesionalean Martinez de Irujo pilotariarekin, eta aurka denboraldiko hiru txapelketa handietako 13 final jokatu zituzten 2005 eta 2016 urteen artean. Bien arteko final horietatik Olaizola II.a 7 aldiz garaile atera zen eta 6 aldiz galdu zuen.
Banakako txapelketa ofizialetan, hau da, Lau t 'erdikoan eta Buruz Burukoan, Martinez de Irujoren aurka jokatu zuen 19 aldietatik 11tan Olaizola II.a izan zen garaile eta 8tan Martinez de Irujo. Buruz Buruko txapelketan elkarren aurka jokatutako 8 partidetatik, Olaizola II.ak 5 irabazi zituen eta Martinez de Irujok 3. Lau t 'erdian jokatutako 11 partidetatik, Olaizola II.ak 6 eta Martinez de Irujok 5.
Guztira 106 aldiz jokatu zuten elkarren aurka, partiduen % 52ko garaipenarekin Olaizola II.arentzat eta % 48koarekin Martinez de Irujorentzat.
Olaizola II.aren eta Martinez de Irujoren arteko partidek prentsaren eta publiko orokorraren arreta bereganatu zuten, biek hamarkada batez diziplina menperatu baitzuten. Emaitza gisa, Olaizola II.a historiako bigarren pilotari sarituena da (14 txapelketa handi), Julian Retegiren atzetik kokatuz, eta Martinez de Irujo hirugarrena da (13 txapelketa handi).
Aditu eta zale askorentzat, historiako pilotaririk sarituena barne, Julian Retegi, pilotaren historiako garairik onena izan da.[38]
Kirol lorpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Buruz Buruko txapelduna: 2005, 2007, 2012 eta 2013.
- Lau eta erdiko txapelduna: 2002, 2004, 2005, 2008, 2011, 2012 eta 2013.
- Lau eta erdiko txapeldunordea: 2014.
- Binakako txapelduna: 2008, 2011 eta 2016.
- Binakako txapeldunordea: 2003, 2006, 2009, 2014.
- Bigarren mailako Buruz Buruko txapelduna: 1999.
- Bestelako txapelketak:
- Nafarroako Lau t 'erdiko txapelduna, 2005, 2007, 2009, 2014, 2015, 2017.
- Baskepensiones BBK Buruz Buruko Masterseko txapelduna, 2007.
- 31 titulu udako torneoetan: - San Ferminetako 4 titulu (4 final) - Andre Maria Zuriko titulu 1 (7 final) - Zarauzko 9 titulu (10 final) - Bizkaiko 2 titulu (3 final) - Aste Nagusiko 3 titulu (4 final) - 4 titulu Donostia (7 final) - 4 titulu Lekeitio (5 final) - 2 titulu Miarritze (2 final) - 2 titulu San Mateo (5 final).
Buruz Buruko Txapelketa Nagusiko finalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Emaitza | Pilotalekua |
|---|---|---|---|---|
| 2003 | Patxi Ruiz | Olaizola II.a | 22-7 | Atano III.a |
| 2005 | Olaizola II.a | Martinez de Irujo | 22-18 | Atano III.a |
| 2006 | Martinez de Irujo | Olaizola II.a | 22-17 | Atano III.a |
| 2007 | Olaizola II.a | Barriola | 22-10 | Atano III.a |
| 2009 | Martinez de Irujo | Olaizola II.a | 22-12 | Atano III.a |
| 2011 | Xala | Olaizola II.a | 22-19 | Bizkaia |
| 2012 | Olaizola II.a | Martinez de Irujo | 22-7 | Bizkaia |
| 2013 | Olaizola II.a | Martinez de Irujo | 22-7 | Bizkaia |
| 2015 | Urrutikoetxea | Olaizola II.a | 22-19 | Bizkaia |
| 2018 | Altuna III.a | Olaizola II.a | 22-14 | Bizkaia |
Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Tantoak | Pilotalekua |
|---|---|---|---|---|
| 2002 | Olaizola II.a | Barriola | 22-13 | Ogeta |
| 2004 | Olaizola II.a | Barriola | 22-08 | Ogeta |
| 2005 | Olaizola II.a | Xala | 22-05 | Atano III.a |
| 2008 | Olaizola II.a | Martinez de Irujo | 22-17 | Atano III.a |
| 2011 | Olaizola II.a | Martinez de Irujo | 22-12 | Bizkaia |
| 2012 | Olaizola II.a | Bengoetxea VI.a | 22-9 | Ogeta |
| 2013 | Olaizola II.a | Martinez de Irujo | 22-16 | Ogeta |
| 2014 | Martinez de Irujo | Olaizola II.a | 22-17 | Bizkaia |
Binakako Txapelketa Nagusiko finalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Txapeldunak | Txapeldunordeak | Tantoak | Pilotalekua |
|---|---|---|---|---|
| 2003 | Koka – Beloki | Olaizola II.a - Pascual | 22-15 | Atano III.a |
| 2006 | Martinez de Irujo – Martinez de Eulate | Olaizola II.a - Zearra | 22-11 | Ogeta |
| 2008 | Olaizola II.a - Mendizabal II.a | Titin III.a – Laskurain | 22-17 | Ogeta |
| 2009 | Martinez de Irujo – Goñi III.a | Olaizola II.a - Mendizabal II.a | 22-21 | Atano III.a |
| 2011 | Olaizola II.a - Begino | Xala – Beroitz(1) | 22-14 | Bizkaia |
| 2014 | Martinez de Irujo – Barriola | Olaizola II.a - Aretxabaleta | 22-13 | Bizkaia |
| 2016 | Olaizola II.a - Urrutikoetxea | Martinez de Irujo(2) - Rezusta | 16-10 | Bizkaia |
| 2020 | Ezkurdia – Martija | Olaizola II.a - Urrutikoetxea | 22-13 | Bizkaia |
(1) Finalean Beroitzek Barriola ordezkatu zuen, azken hori min hartuta zegoelako eta enpresek atzerapenik onartu ez ziotelako (nahiz eta 1990az geroztik izan diren finalista lesionatu guztiei atzerapena onartu zaien).
(2) Irujok eskuin eskuko hatz luzea hautsi zuen 11-10ekoan, eta jarraitzen saiatu zen arren, bertan behera utzi zuen finala.[39]
Bigarren mailako buruz buruko finalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Tantoak | Pilotalekua |
|---|---|---|---|---|
| 1999(1) | Olaizola II.a | Hirigoien | 22-16 | Astelena |
(1) 1999an bigarren mailako Buruz Buruko bi txapelketa jokatu ziren, Aspe eta Asegarce enpresak ados jarri ez zirelako.
Estatistikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]| Jokatutako partidak | Irabaziak | Galduak | Garaipen portzentaia |
| 1307 | 820 | 487 | % 62,7 |
Buruz Burukoa: 71 partida jokatu eta 53 irabazi.
Lau t 'erdian: 49 partida jokatu eta 32 irabazi.
Binakako txapelketa: 242 partida jokatu eta 145 irabazi.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Abizena Olaizola idaztea, euskal herritar horren aukera pertsonala da. Izan ere, Euskaltzaindiak, euskara baturako, Olaitzola onartu du deitura horren grafiatzat. Ikus Euskal Onomastikaren Datutegia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Agiriano, Jon. (2021-09-16). «Uno de los más grandes» El Correo (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Urbina, Iñaki. (2021-09-16). «Así ven otros expelotaris la trayectoria de Olaizola» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Parcero, Bruno. (2026-06-02). «Diez tantos encajados por partido, la tercera media más baja del siglo» El Diario Vasco (kontsulta data: 2026-06-02). Albistean errekor hori 2022ko buruz buruko txapelketan lortu zuela adierazten da; baina aipatzen dituen aurkariak eta emaitzak ikusita, argi dago 2012koa dela.
- ↑ «Aimar Olaizola fue el último pelotari que consiguió dos Manomanistas consecutivos» Aspe pelota (kontsulta data: 2026-06-02).
- ↑ Comunicación, Bainet; C/ San Vicente, 8 Bajo Bilbao; Tel.: +34 94 40 10 750; Www.fronton.tv; Frontontv@fronton.tv. «Aimar Olaizola, 20 años de profesional» www.fronton.tv (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Guinea, Luis. (2021-09-21). «Dos décadas sin el juego del más grande» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2021-09-16). «El Ogeta, otra vuelta al origen de Aimar Olaizola» GARA (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Patxi Ruiz gana la final del Manomanista por la lesión de Olaizola II» El País 2003-07-20 ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Arri, Eduardo Ortiz de. (2003-03-23). «Beloki vuelve a la escena» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ Pilota, Baiko. «OLAIZOLA II NUEVO CAMPEON DEL CUATRO Y MEDIO» www.baikopilota.eus (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) pamplona, javier iborra. (2013-06-18). «El día que Olaizola II rompió el mito de la imbatibilidad de Irujo» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Olaizola arrasa» El País 2005-12-11 ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Martínez de Irujo, campeón del Manomanista» El Diario Vasco 2006-06-04 (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ «euskalherria.com - GARA - Paperezkoa:20060320 - Irujo y Eulate se hacen con la txapela» gara.naiz.eus (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Soto, Victor. (2007-06-17). «Olaizola funde a Barriola» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Olaizola arrolla a Eugi en el Master Individual del Atano» El Correo 2007-12-30 (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Vitoria, AGENCIAS. (2008-03-30). «Olaizola II-Mendizabal II, campeones del mano parejas» Diario de Navarra (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ «CAMPEONATO DEL CUATRO Y MEDIO LEP.M 2008 - aspepelota.com» aspepelota.eus (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ «Mendizabal II eta Olaizola II txapeldunorde, Mtz. de Irujo eta Goñi III haundi batzuren kontra» Kronika.eus (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) PAMPLONA, L. GUINEA. (2009-08-09). «El Olaizola II cuasi perfecto | Últimas noticias deportivas en Diario de Navarra» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Aimar Olaizola reaparecerá el sábado en el Labrit» La Rioja 2010-11-09 (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Olaizola II y Begino ganan la final del Parejas por 22-14» El Correo 2011-04-17 (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) PAMPLONA, JAVIER IBORRA. (2011-12-11). «La defensa de Olaizola II destruye la moral de Irujo (22-12)» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Un valiente Xala se lleva la txapela del Manomanista» El Diario Vasco 2011-07-03 (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Olaizola II desquicia a Irujo» El Diario Vasco 2012-06-25 (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Internet, Unidad Editorial. (2013-06-23). «Olaizola II barre a Irujo por 22 a 7» www.elmundo.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Urrutikoetxea logra una txapela histórica para Bizkaia» EITB (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Irujo rompe la final del Parejas» La Rioja 2016-04-09 (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Efe. (2018-05-27). «Altuna III, campeón del Manomanista ante un Olaizola digno de su leyenda» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Olaizola-Urruti y Ezkurdia-Martija cierran el Parejas más largo de historia» La Vanguardia 2020-12-07 (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) martín, juan pablo. (2021-11-13). «La txapela más emotiva de Olaizola» El Correo (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) PAMPLONA, DN ES. (2012-04-14). «Las manos traicionan a Beroiz y dejan a la final sin navarros» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pamplona, J. IBORRA. (2012-05-27). «Olaizola II despierta a tiempo y se apunta a las semifinales (22-15)» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pamplona, EFE. (2012-06-09). «Olaizola II arrolla a Bengoetxea VI y será rival de Irujo en la final» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Bilbao, Efe. (2012-06-24). «Olaizola II consigue en Bilbao su tercera txapela manomanista» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ «Noticias de Última Hora» www.elconfidencial.com (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Olaizola II se luce y logra su séptima txapela (22-16)» EITB (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) Guinea, Luis. (2021-09-17). «Julián Retegui: “No ha habido una época como la de Aimar e Irujo, han sido puro espectáculo”» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2023-06-17).
- ↑ Magro Eizmendi, Imanol. (2016-04-10). «Zoritxarra gonbitik gabe sartu da festan» Berria.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Asier Olaizola Olaizola I.a, anaia