Zeramika grafitatua

Zeramika grafitatua grafito mineralaren hautsa zeramika objektuen azalaren akabera egiteko teknika erabiliz egindako zeramika da.
Israel Nájera Campos espainiar arkeologoaren definizioaren arabera: "Grafitatua apaintzeko teknika bat da, objektu baten gainazalean grafito minerala edo haren soluzio konposatu bat aplikatzean datzana. Zeramikaren kasuan, gainazal batetik edo bietatik atxiki daiteke, apaingarriak sortuz edo ez. Hainbat metodo daude hori egiteko, eta lehortzean eman daiteke, egosi aurretik edo ondoren.
Beraz, zeramika grafitatua gainazal batetik edo bietatik grafito mineralez egindako apainketa jaso duen zeramika-ekoizpena da. Batzuetan apaingarriak sortuz egiten da, edo, besterik gabe, bainu gisa pieza osoan zehar."[1]
Dekorazio-teknika horren urruneko jatorria Europako hego-ekialdean dago, Balkanen eta Itsaso Beltzaren arteko eremuan. Hala ere, ikerlariak ez dira ados jartzen leku zehatzari buruz, ezta dekorazioa sortzen den kulturari buruz ere.[1]

Brontze Aroaren amaieran eta Kutxa-Zelaien kulturarekin lotutako burdin aroaren hasieran kokatutako ingurune arkeologikoen berezko teknika da. Grafitoa hainbat helbururekin erabiltzean datza: ohikoena piezak uretan diluitutako grafitoz estaltzea da, edo, hobeto egin nahi bazen, engobe moduko buztin batekin nahastuta. Ondoren distira metaliko ikusgarria lortzen zen azala ondo leunduz. Zeramika arkeologikoetan ikus dezakegun beste erabilera bat pigmentu beltz metaliko gisa erabilitako grafitoarena da, hondo gorri oxidatzailearen[2] gainean motibo geometrikoak marrazten dituena.
Grafitoa erabiltzean sortzen den arazo teknikoa da grafitoa karbono kristalizatuz osatutako mineral bat dela, labean atmosfera oxidatzailean deskonposatu daitekeena. Beraz, ondoriozta dezakegu piezak atmosfera erreduktorean egosi behar direla, eta grafitozko marrekin apainduta agertzen direnak, hondo gorri oxidatzailearen gainean, atmosfera oxidatzailean egosi behar zirela, grafitoa arrautza-zuringoa bezalako itsasgarri organiko batekin nahastuta aplikatu ondoren. Pieza batzuek zilar koloreko kolore metalikoa dute, eta egosi osteko grafitozko pigmentuari errautsa erantsita lor zitekeen.[3]
Zeramika grafitatua imitatzeko teknika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeramika grafitatuez ari garenean, benetako grafitatuen eta sasi-grafitatuen arteko bereizketa egin behar dugu. Azken horiek grafitatuen antzeko akaberak dituzten zeramikak dira, baina ez dira benetako grafitatuak, dekorazio-konposizioan grafitorik ez dutelako.[1]
Mendeetan zehar, hainbat mineral erabili ziren buztingintzan; zenbait gizartetan, grafitoak zeregin berezia izan zuen. Zenbait gunek, ordea, ez dute mineral horren iturri lokalik, baina aldi berean "zeramika grafitatu" handia agertzen dute. Hala ere, normalean uste da ontzi horien gainazala grafitoz estalita zegoela. Baina beste teknika batzuk erabili ziren bisualki grafitoaren itxurako gainazala lortzeko minerala aplikatu gabe.
Burdin Aroko eta Brontze Aroko objektuen azalak mikroskopioz eta beste tekniken bidez aztertu izan dira, eta Arkeologia esperimentala erabili da gainazal distiratsu beltzak lortzeko, zilarraren itxura lortzeko, grafito minerala aplikatu gabe, Historiaurreko labeetan, eta frogatu da egin daitekeela eta Historiaurrean egingo zela.[4]
Funtsean, sasi-grafitatuaren hiru aldaera daude:
- Ale lodiko mika edo ehotako kuartzo mika ugari duten zeramikak, kanpoaldean, grafitatzearen berezko itxura metalikoaren antzeko efektua lortzen dute. Orearen konposizio bidezko sasi-grafitatuak direla esaten da.
- Beste sasi-grafitatu bat teknika berezi bat erabiliz lortzen da: Pieza leundu eta ondoren giro oxidatzailean arin egosten da. Horrela gainazaleko mikei orientazio jakin bat ematen zaie eta horri esker piezaren azalak distira egiten du. Kasu honetan, prozesu fisiko bidezko sasi-grafitatutako zeramika dela esaten da.
- Beste aldaera batek ere identifikazio-akatsak eragiten ditu. Atmosfera erreduktorean egosi ondoren, gainazala biziki leundu zaion zeramika da, eta horrek distira bizi-bizia sortzen du. Egosketa erreduktorearen ondorioz, kedar-geruza bat geratzen da pieza horien gainazalean, eta leuntzen denean, oso distira handia lortzen da. Prozesu fisiko-kimiko bidezko sasi-grafitatua da (fisikoa leuntzeagatik eta kimikoa kedarraren eraginagatik). Nahasmen gehien sortzen duen kasua da. Gainera, aldaera horrek sortarazi du uste faltsua bat, grafitoa 300º C-tan lurruntzen dela dioena. Kedar-geruza leundua desagertzen da.[1]
Zeramika grafitatua Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fiteron, Brontze Amaiera eta Lehen Burdin aroko Peñahitero herri harresitua dago. Indusketa taldearen arabera ez da herri bat, leinu buruzagi ("printzipe") aitzin-zelta baten bizitokia baizik. Ziurrenik, Erdialdeko Europatik etorritako jende multzo bat beratan finkatu zen brontze Aro amaiera aldean (K.a. X-IX mendeak). Jende talde horrek senitarteek osatuko zuten, eta oso gizarte-sistema hierarkizatua eta gudari osagai indartsua izango zuen. Indusketa arkeologikoak grafitoz apaindutako zeramikak eman ditu, hau da, grafitatuak, garai hartako luxuzko ontziak, eskuz eginak izanik (tornurik gabe) maiz simetrikoak direla frogatzen duen bezala.[5]
Mendazako Santa Coloma baseliza, Burdin Aroko herri harresitu baten gainena eraiki zen, eta bertan ere, zeramika grafitatua agertu da.[6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 3 4 Nájera Marcos, Israel. (2009). «La cerámica pintada al grafito en el alto Ebro» Salduie 9: 71-96..
- ↑ Zeramikan, erreketa oxidatzailea da, labean airea (eta ondorioz oxigenoa) sartzen usten denean (giro oxidatzailea); horrela erretako buztina gorri kolorekoa izango da labetik ateratzean. Kontrakoa egiten bada, oxigenorik sartzen uzten ez bada, hau da, labe barruan zeramika giro erreduktorean erre, zeramika beltza aterako da labetik.
- ↑ Larriba, Luis. (2018ko martxoren 22a). «Curso de cerámica histórica: Cerámica grafitada» Curso de ceramica historica (kontsulta data: 2026-09-12).
- ↑ Łaciak, Dagmara. (2023-09-25). «Creating the so-called graphite-coated pottery of the Late Bronze and Early Iron Ages: An experimental approach to manufacturing prehistoric pottery» Archeologické rozhledy 75: 7–23. doi:. (kontsulta data: 2026-09-12).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La cerámica grafitada: arte en la Edad del Hierro» Manuel Medrano Marqués 2012-08-09 (kontsulta data: 2026-09-12).
- ↑ Nájera Marcos, Israel. (2007-2008). «Nuevos hallazgos de cerámica grafitada en Navarra: Santa Coloma (Mendaza)» Trabajos de arqueología Navarra, 20: 45-62. (kontsulta data: 2025-10-11).
Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Attila Kreiter et alii (2013ko urtarrila) “Ceramic technology and the materiality of Celtic graphitic pottery” in: Alberti M. E., Sabatini S. (eds.) Exchange networks and local transformations. Interaction and local change in Europe and the Mediterranean from the Bronze Age to the Iron Age, Oxbow Books. doi: 10.2307/j.ctvh1dm19.19
- Brzeska-Zastawna Agnieszka; Borowski Michał; Zastawny Albert (2021) The first find of LBK graphite-coated pottery in Lesser Poland: Więckowice, site 4, Kraków district, Sprawozdania archeologiczne, ISSN: 0081-3834, 73/1,. doi: 10.23858/SA/73.2021.1.2647.
- R.D. Bott, R. Gebhard, F.E. Wagner eta U. Wagner (1994) “Mössbauer study of graphite ware from the Celtic oppidum of Manching”, Hyperfine Interactions, ISSN: 639-644, 91.
- Medrano Marqués, Manuel (2012-08-09) “La cerámica grafitada: arte en la Edad del Hierro” Manuel Medrano.
- Medrano Marqués, Manuel eta Díaz Sanz, María Antonia (2006), “Las cerámicas grafitadas de Peñahitero (Fitero)”, Trabajos de Arqueología Navarra, ISSN: 0211-5174, ISSN-e: 2530-5816, 19, 45-84 or., Iruñea.