Olga Errusiakoa (Oldemburgeko dukesa)
| Olga Errusiakoa (Oldemburgeko dukesa) | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Petergof, 1882ko ekainaren 1a (juliotar egutegia) |
| Herrialdea | |
| Bizilekua | Gatchina Palace (en) San Petersburgo Amalienborg jauregia Hvidøre Toronto Halton County (en) Cooksville (en) |
| Heriotza | Toronto, 1960ko azaroaren 24a (78 urte) |
| Hobiratze lekua | York Cemetery, Toronto (en) |
| Familia | |
| Aita | Alexandro III.a Errusiakoa |
| Ama | Maria Feodorovna (Dagmar Danimarkakoa) |
| Ezkontidea(k) | Duke Peter Alexandrovich of Oldenburg (en) Nikolai Kulikovsky (en) |
| Seme-alabak | ikusi
|
| Haurrideak | |
| Leinua | House of Holstein-Gottorp (en) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | errusiera ingelesa frantsesa |
| Irakaslea(k) | Ivan Zhdanov (en) |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | margolaria, filantropoa, aristokrata eta oroitzapen-idazlea |
| Jasotako sariak | |
| Kidetza | Russian Imperial Family (en) |
Olga Aleksandrovna Románova (San Petesburgo, Errusia, 1882ko ekainaren 1a – Toronto, Kanada, 1960ko azaroaren 24a) margolaria eta Dukesa handia izan zen. Errusiako Alexandro III.a enperadorearen eta Maria Feodorovna Romanova (Dagmar Danimarkakoa) enperatrizaren azken alaba eta Nikolas II.a Errusiako enperadorearen arreba gaztea izan zen.[1][2][3][4]
San Petersburgo kanpoaldean dagoen Gátchina jauregian hazi zen. Txikitatik harreman hurbilagoa izan zuen aitarekin amarekin baino. Hamabi urte zituen aita hil zitzaionean eta bere neba Nikolas Errusiako errege koroatu zutenean. 1901 urtean, hemeretzi urterekin, Petri Aleksandrovitx Oldemburgoko dukearekin ezkondu zen. Bere familiak eta lagunek homosexuala zela esaten zioten. Ezkontzak hamabost urte iraun zuen eta ez zen burutu; biek bizitza bereiziak izan zituzten. Hasieran, senarrak dibortzio eskaerari uko egin zion, baina, azkenean, ezkontza baliogabetu egin zuen enperadoreak 1916an. Hurrengo hilabetean, urte batzuk aurretik bere maitalea zen Nikolai Kulikovski koronelarekin ezkondu zen. Lehen Mundu Gerran, armadako erizain lanetan jardun zuen, eta meritu pertsonalaren domina eman zioten. 1917ko Errusiako Iraultzan Romanov familia 'erori' zenean, bere senar eta seme-alabekin Krimeara ihes egin zuen, non heriotza-mehatxupean bizi izan ziren. Iraultzaileek bere neba Nicolas eta bere familia hil zituzten.
Bere familiarekin batera Errusiatik ihes egitea lortu zuen 1920ko otsailean, eta bere amarekin, enperatriz alargunarekin, elkartu zen Danimarkan. Erbestean, bere amaren lankide eta idazkari pertsonal lanetan jardun zuen, eta askotan bildu zen Romanov iruzurtiekin, bere senide hilak zirela ziotenekin. 1925ean Anna Anderson ezagutu zuen, iruzurti ezagunena, bere iloba Anastasia dukesa handia zela esaten zuena. 1928an alargun enperatriza hil ostean, Olgak eta senarrak etxalde bat erosi zuten Ballerupen, Kopenhagetik gertu. Bizimodu xumea izan zuen han: bi seme-alabak hazi, etxaldean lan egin eta margotu. Bere bizitzan zehar, 2000 artelan baino gehiago egin zituen, diru-sarrera gehigarriak eman zizkiotenak, bai bere familiarentzat, bai berak babesten zituen karitatezko kausetarako
1948an, Iosif Stalinen erregimenak mehatxatzen zuela sentituz, bera eta bere familia Campbellvilleko (Ontario) granja batera emigratu zuten. Adinean aurrera zihoala, Cooksvilletik (Ontario) hurbil zegoen bungalo batera joan zen senarrarekin. Kulikovski 1958an hil zen. Bi urte beranduago, bere osasunak okerrera egiten zuen bitartean, Toronto ekialdeko apartamentu txiki batera joan zen bizitzera lagun batzuekin. Hirurogeita hamazortzi urterekin hil zen, Xenia ahizpa nagusia baino zazpi hilabete geroago. Bere bizitzaren amaieran eta ondoren, Errusiar Inperioko azken dukesa handia bezala ezagutzen zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Purpuran jaio zen 1882ko ekainaren 13an, Peterhof jauregian, San Petersburgoko mendebaldean. Alexandro III.a Errusiako enperadorearen eta Maria Fiodorovna Romagna enperatrizaren alaba gazteena zen, lehen Danimarkako Dagmar printzesa zena. Bere jaiotza, ehun kanoikada tradizionalekin, San Petri eta San Pauloren gotorlekutik iragarri zen, Errusiar Inperio osoan antzekotasun berdinarekin. Izebak, Galesko printzesak, hala aholkatuta, Elizabeth Franklin umezain britainiarraren ardurapean jarri zuen amak.
Errusiar familia inperiala sarritan atentatuen helburu izan zenez —bere aitona, Alexandro II.a Errusaiko tsarra, 1881ean hil zuten—, Gattxinako jauregira bidali zuten, San Petersburgotik 80 km mendebaldera.[5] Han, Olgak eta haurrideek bizimodu latza eraman zuten, baita espartar hezkuntza ere: ohe gogorretan egiten zuten lo, goizaldean jaiki, ur hotzez garbitu eta ahia baino ez zuten gosaltzen.
1888 urtean utzi zuen lehen aldiz jauregia, familia inperialarekin Kaukasia bisitatu zuenean. Ziztu bizian etxerantz zihoan trena Borki herrixkatik pasatzean, bortizki astindu eta errailetatik atera zen. Bere familia suntsituta geratu zen jangela-bagoian zegoen, burdinazko sabaia erori eta gurpilak eta zorua moztuta. Bizirik atera zirenek esan zuten tsarrak « ahalegin itzel batean» sabai astuna altxatu behar izan zuela denek ihes egin ahal izateko, gero sinesgaiztzat jo zen istorioa. Hogeita bat hildako egon ziren eta Maria enperatrizak zaurituak artatu zituen bere jantzien bendak eginez. Ikerketa ofizialak istripua izan zela ondorioztatu bazuen ere, beti uste izan zen errailetan bonbak jarri zirela.
Bere neba-ahizpekin batera, irakasle pribatuek hezi zuten historia, geografia, ingelesa, frantsesa, marrazketa, dantza eta zaldiketa gaietan; azken hau, bere aire zabaleko jarduera nagusienetariko bat zen. Familia oso erlijiosoa zen. Gabonak eta Pazkoa ospakizun- eta bitxitasun-garaiak ziren arren, Garizuma zorrozki behatzen zen: haragia, esnekiak eta entretenitzeko beste edozein modu saihesten zituzten.

Olgaren eta Maria enperatrizaren arteko harremana oso tirabiratsua izan zen; txikitatik, amak modu isilean eta formalean tratatzen zuen. Hala ere, askoz lotuago zegoen bere aita eta neba Mikel Alexandrovitx Romanovekin. Sarritan irteten ziren hirurak Gaztxinako basoetatik paseatzera, eta aitak mendiko abileziak erakutsi zizkien. Behin esan zuen bere aitaz:
«Aita dena zen niretzat. Lanean murgilduta bazegoen ere, beti lortzen zuen ordu erdi bat guretzat. Behin aitak arkatzez egindako marrazkiz betetako album zahar bat erakutsi zidan, Mopsopolis irudimenezko hirikoa, non mopsesak bizi ziren. Ezkutuan erakutsi zidan, eta ni poz-pozik nengoen bere haurtzaroko sekretuak nirekin partekatzearekin.»
Familiako oporrak Peterhof-en igarotzen zituen udan, amaren aldeko aitona-amonekin, Danimarkako erregeekin. 1894 urtean, aitaren nefritisak Danimarkako oporrak bertan behera uztera behartu zuen familia inperiala. Aita urte horretako azaroaren 13an hil zen; Olgaren (hamabi urte) eragin emozionala traumatikoa izan zen. Bere neba zaharrenak Nikolas II.a Errusiakoa izenarekin hartu zuen tronu inperiala; gero, Olgak esan zuen bere neba ez zegoela prest.
Gorteko bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamazortzi urterekin egiten zen gizarterako sarrera, 1899ko udan, baina hogeita zazpi urterekin bere neba Jurgi —Inperioaren oinordekoa, tsarrak artean semerik ez zuelako— hil ostean, bere lehen agerpen publiko ofiziala urtebete atzeratu zen, 1900 urtera arte. Esperientzia gorrotatu zuen eta, geroago, Ian Vorres bere biografo ofizialari esan zion: «Animalia bat banintz bezala sentitu nintzen, kaiola batean, lehen aldiz jendaurrean erakusten zena». Húsares Ajtirski 12. ohorezko komandante Errejimentua (Errusiar Armada Inperialaren Adeo Erregimenak) izendatu zuten. Ajtirskiko husarrak ezagunak ziren 1813an Kulmeko guduan Napoleon I.a Bonaparteren aurka lortutako garaipenarengatik, eta dolman marroi bereizgarri bat zeramaten.
1900 urtean, hamazortzi urterekin, antzokira eta operara eskoltatu zuen urrutiko lehengusu batek, PePetri dro de Oldemburgo dukeak, Oldemburgoko Etxearen adar errusiarreko kideak. Bera baino hamalau urte zaharragoa zen, eta ezaguna zen literaturarekiko eta ausazko jokoekiko zuen zaletasunarengatik. Petri k hurrengo urtean eskatu zuen ezkontzeko eskua, eta proposamen horrek ezustean hartu zuen: «Hain zegoen harrituta, esan nezakeen guztia “eskerrik asko” zela», esan zuen geroago. Konpromisoa, 1901eko maiatzean iragarri zena, ezustekoa izan zen senide eta lagunentzat, Petri k ez baitzuen aurrez emakumeekiko inolako interesik erakutsi eta goi-gizarteko kideek homosexuala zela uste zuten. Hemeretzi urte zituela, 1901eko abuztuaren 9an, hogeita hamahiru urteko Petri rekin ezkondu zen. Ospakizunaren ostean, ezkonberriak Campo de Marte delako Oldemburgeko jauregirantz abiatu ziren. Emazte ezkonberriak negarrez eman zuen eztei-gaua, bakarrik; senarra, aldiz, zorizko jokoen klub batera joan zen, eta hurrengo goizean itzuli zen. Bere ezkontza burutu gabe geratu zen eta Petri ren ama anbiziotsuak ezkontzera bultzatu zuela susmatu zuen. Segur aski, amarengandik independizatzeko edo atzerriko norbaitekin ezkontzea saihesteko proposamena onartu zuen. Bikotea, hasiera batean, amaginarrebekin bizi izan zen, Alexandro eta Eugenia de Oldemburgo duke-dukesekin; konbinazio hori ez zen harmoniatsua, Petri ren gurasoek, biak lan filantropikoengatik ezagunak, semeak erakusten zuen alferkeria zela-eta, errieta egiten zioten. Olgari amaginarreba ez zitzaion gustatzen, nahiz eta Eugeniak, Maria enperatrizaren lagun hurbilak, erraina presente eduki, Napoleonek Josefina enperatrizari emandako tiara bat emanda esaterako. Ezkondu eta aste gutxira, bikotea Biarritzera joan zen, eta handik Sorrentorantz itsasoratu ziren, Eduardo VII.a Erresuma Batuko erregeak utzitako yate batean.

Errusiara itzuli zirenean, berrehun logelako jauregi batean kokatu ziren —Bariatinski etxe zaharra—, San Petersburgoko Sergeievskaya kaleko 46. zenbakian —egungo Txaikovski kalean—. Bikoteak gela bereizietan egiten zuen lo, eraikinaren kontrako muturretan; Olgak bere arte-estudioa zeukan. Zorigaiztoko emaztea depresioan erori eta ilea galtzen hasi zen, bi urtez ileorde bat erabiltzera behartuz. Ramon jauregitik hurbil, Voronezh probintziako Oldemburgotarren etxaldeak bere hiribildua zuen, «Olguino» izenekoa, bertako herriaren omenez. Herrixkako eskola bere poltsikotik diruz lagundu eta ospitale bat ezarri zuen. Bere errainak geroago hauxe idatzi zuen: «Pertsona behartsu guztiei laguntzen saiatu zen, bere indarrek eta bitartekoek uzten zioten neurrian». Ospitalean, oinarrizko tratamendu medikoak eta bertako medikuaren zainketa egokiak ikasi zituen. Bere fede ortodoxo indartsua erlijiozko ikonoak sortuz ereduztatu zuen, berak babesten zituen karitatezko kausak banatuz. Ramon jauregian, bikoteak gozatzen zuen inguruko basoetan ibiliz, eta otsoak ehizatzen zituzten elkarrekin. Petri atsegina eta maitagarria zen arren, Olgak maitasuna, ezkontza normala eta seme-alabak nahi zituen.
1903ko apirilean, bere neba Mikel duke handiak Nikolai Kulikovski aurkeztu zion, Korazari Urdinen Guardiako ofizial bat, Pavlovsk jauregian egindako errebisio militar batean. Olga eta Kulikovski elkar ikusten hasi ziren, eta aldian-aldian gutunak trukatu zituzten. Urte berean, hogeita bi urterekin, senarrari aurre egin zion eta dibortzioa eskatu zion, baina honek uko egin zion zazpi urteren ondoren berriro azter zezakeen salbuespenarekin. Hala ere, Petri k landa-laguntzaile izendatu zuen Kulikovski eta haiekin bizitzen utzi zion. Ofizialaren eta dukesa handiaren arteko harremana ez zen publikoa, baina bere maitasunari buruzko zurrumurruak zabaldu ziren gizartean.
1904 urtetik 1906 urtera, Petri senarra Zares Hiriko postu militar batera eraman zuten, San Petersburgoko hegoaldeko jauregi-multzo batera. Han, Olga bere neba Nikolasengandik eta bere familiarengandik gertu bizitzen hasi zen, Alexandroren jauregian bizi baitziren, bere bizilekutik gertu. Bere lau ilobekin harreman hurbila garatu zuen eta, 1906 eta 1914 artean, neguko asteburu guztietan eramaten zituen hirian festa eta konpromiso ugaritara, guraso barik. Gazteena, Anastasia dukesa handia, Shvi-psik («txikia») deitzen zuena, begiko izan zuen. Nebaren eta koinataren bidez, Rasputin ezagutu zuen, sendatzeko botereak zituela zioen gizon elizkoia. Nahiz eta Rasputinen eta familia inperialaren arteko hurbiltasuna publikoki kritikatzen ez zuen, ez zegoen bere ustezko botereez konbentzituta, eta, pribatuan, ez zitzaion gustatzen. Olga Nikolasen familiarengana hurbildu ahala, Mikelekin zuen harremana okertu egiten zen. Haurrideen harridurarako , Mikelek ihes egin zuen maitalearekin, bi aldiz dibortziatutako pertsona arrunt batekin, eta eten egin zen haren eta gainerako familia inperialaren arteko harremana.

Errusiaren eta Japoniaren arteko gerrako istilu publikoek eta erreforma politikoaren eskaerek gora egin zuten XX. mendearen lehen urteetan. 1905eko Epifanian, iraultzaile talde batek tiro egin zuen San Petri eta San Pauloren gotorlekuko Neguko jauregiko leihoetara. Olga eta bere ama beirazko ezpalak hartuta geratu ziren hautsitako leiho batetik, zauririk jasan barik. Hiru aste beranduago, Igande Odoltsuan, gutxienez laurogeita hamabi pertsona hil zituzten kosakoek manifestazio batean eta, hilabete beranduago, bere osaba Sergio duke handia atentatu batean hil zen. Altxamenduak izan ziren herrialde osoan eta Itsas Armadako sekzioak matxinatu egin ziren.Olgak Piotr Stolypin politikari liberala lehen ministro izendatzearen alde egin zuen, pixkanaka nekazaritzan erreformak egiteko programa bati ekin baitzion, baina 1911n hil egin zuten. Ondoez publikoak, bere neba Mikelen ihesak eta bere ezkontza faltsuak eragina izan zuten; 1912an, bere amarekin Ingalaterrara egindako bisita batean, antsietate-krisi bat izan zuen. Bere koinata, Alexandra Feodorovna enperatriza ere nekatuta eta kezkatuta zegoen Aleksei txikiaren hemofilia zela eta. Koinata depresioarengatik etxean zegoen bitartean, ekitaldi publiko guztietan ordezkatzen zuen, eta nebari lagundu zion barnetik egindako ibilbide batean.
Gerra eta iraultza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1914ko abuztuaren 1ean, Lehen Mundu Gerra hasi baino lehentxeago, haren erregimentua, Ajtirskiko husarrak, haren eta tsarraren aurretik pasatu zen Krasnoye Selon. Kulikovskik bere burua boluntario eskaini zuen husarrekin borrokatzera joateko eta Errusiako hego-mendebaldeko fronte lerroetara bidali zituzten. Olguinon lortutako ezagutza medikoekin, Olga Gurutze Gorriko erizain lanean hasi zen Rovnon, haren erregimentua zegoen lekutik gertu. Gerra sasoian, bonbardaketak entzuten zituen gaixoak eta zaurituak artatzen zituen bitartean. Erizainek gutxitan egiten zuten lan gudu-frontetik hain hurbil, eta horregatik San Jurgiren Ordena eman zion Mannerheim jeneralak, geroago Finlandiako lehen lehendakaria izan zenak. Potentzia Zentralen aurrerapenaren ondorioz, lan egiten zuen ospitalea Kievera bidali zuten eta bere neba Mikel erbestetik itzuli zen.
1916an, Nikolas II.a tsarrak ofizialki ezeztatu zuen Olga eta Petriren arteko ezkontza, bere arrebari Kulikovski koronelarekin ezkontzeko baimena emanda. Ezkontza zeremonia urte horretako azaroaren 16an egin zen Kieveko Hiru Santuen elizan (Vasilievski). Gonbidatu bakarrak bere ama, bere koinatua, Alexandro duke handia, 12. Ajtirski erregimentuko lau ofizial eta Kieveko ospitaleko bi erizain kide izan ziren.
Gerra sasoian, Errusiako barne tentsioak eta gabezia ekonomikoak handitzen jarraitu zuten eta sinpatia iraultzaileak hazi ziren. Tsarrak 1917ko hasieran abdikatu ostean, Romanov dinastiako kide asko, Nicolas eta bere hurbileko familia kasu, atxilotu egin zituzten etxe barruan. Segurtasun bila, amarekin eta koinatuarekin bidaiatu zuen Krimeara tren berezi batean, eta han ahizpa Xenia dukesa handia batu zitzaien. Jaltatik 12 bat kilometrora zegoen Ay-Todor izeneko Alexandroren etxalde batean egon ziren denbora batez, eta bertako indarrek etxe barruan atxilotu zituzten. 1917ko abuztuaren 12an, itxialdian, Tijon Nikolaievitx bere lehen semea jaio zen; Tijon de Zadonsk izena hartu zuen, Olginoko dukesa handiaren finkatik gertu gurtzen zuten santua.
Romanovtarrek, Krimean bakarturik, ezer gutxi zekiten tsarraren patuari eta haren familiari buruz. Nikolas, Alejandra eta bere bi semeak hasierako bere egoitza ofizialean, Alexandroren jauregian, atxiki zituzten, baina behin-behineko gobernuak, Aleksandr Kerenskiren agindupean, Tobolskera (Siberia) lekualdatu zituen. 1918ko otsailean, Ay-Todorreko familia inperialaren zatirik handiena beste lursail batera eraman zuten, Dulber jauregira, non Nicolas eta Petri Romanov duke handiak atxilotuta baitzeuden. Olga eta bere senarra Ay-Todorren geratu ziren. Krimean familia osoa heriotza-zigorrera kondenatu zuen Jaltako sobiet iraultzaileak, baina exekuzioak atzeratu egin ziren Jaltako eta Sebastopoleko sobieten arteko lehia politikoengatik. 1918ko martxoan, Alemaniak aurrera egin zuen Krimean, eta guardia iraultzaileak alemaniarrek ordezkatu zituzten. 1918ko azaroan, Alemaniako indarrek euren nazioak gerra galdu zuela jakin zutenez, eremua ebakuatu egin zuten. Indar aliatuek, Armada Zuriaren laguntzarekin, Krimeako portuez jabetzea lortu zuten, eta Romanovtarrak atzerrira eraman ahal izan zituzten. Maria Feodorovna eta hantxe zeuden Romanov gehienak HMS Marlborough ontzian ebakuatu zituzten, Jurgi V.a Erresuma Batuko erregeak bidalita. Nikolas orduko tiroz hila zuten, eta bizirik geratu zen familiak onartu egin zuen, unean-unean, bere emaztea eta seme-alabak ere hil zituztela.

Olgak eta senarrak uko egin zioten Errusia uzteari, eta Kaukasora joatea erabaki zuten, Armada Zuriak boltxebike iraultzaileetatik askatu baitzuen. Timofei Yatchik bizkartzain inperialak gidatu zituen bere Nomovinskaya jaioterrira. Nomovinskaya kosakoz betetako herri handia zen. Bost logelako etxe bat alokatu zuten eta bertan bere bigarren eta azken semea, Guri, erditu zuen 1919ko apirilaren 23an; izen hau bere lagun batengantik jarri zioten, Guri Panáyev, Lehen Mundu Gerran 12. Ajtirski erregimentuan zerbitzatzen ari zen bitartean eraila izan zena. Azaroan ekin zion familiak Errusian zehar bere azken bidaia izango zenari, tropa iraultzaileengandik ihes egin eta Danimarkako kontsul Thomas Schytteren bizilekuan babestuz, zeinak jakinarazi zien Maria Feodorovna inolako kalterik gabe heldu zela herrialde horretara. Kontsularen egoitzan denbora batez egon ostean, Büyükada uharteko errefuxiatu eremu batera eraman zituzten, Dardanelos itsasartean, Istanbuletik gertu. Han, berak eta senarrak hiru gela partekatu zituzten beste hamaika lagunekin. Handik bi astera Belgradera ebakuatu zituzten, Serbiarren Erresumara, Kroaziara eta Esloveniara, eta gero Jugoslavia Erresumako errege izan zen Alexandro I.a Jugoslaviako erregeordeak bisitatzen zituen. Bizileku iraunkorra eskaini zien, baina Maria Feodorovnak bere alaba Kopenhagen egotea eskatu zuen 1920an. Olga eta bere familia Danimarkako hiriburura heldu ziren Ostiral Santuan; amarekin bizi izan ziren, lehenik Amalienborg jauregian eta gero Hvidøreko errege-etxean, non Maria Feodorovnaren idazkari eta lankide gisa jarduten baitzuen. Amarekiko egoera korapilatsua zen batzuetan: alabaren prestasun osoa eskatzen zuen eta biloba txikiak zaratatsuegi aurkitu zituen; gainera, ez zuen alabaren ezkontza onartzen, morganatikoa zelako, hau da, plebeio batekin. Ama hotza zen suhiarekin eta gutxitan baimentzen zuen bere aurrean. Harrera formaletan, Olgak amarekin bera bakarrik joatea espero zen.
Anna Andersonekin topaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1925ean, bere senarrarekin Berlinera joan zen Anna Andersonekin elkartzeko, eta honek bere iloba Anastasia zela esan zion. Anderson bere buruaz beste egiten saiatu zen hiri horretan 1920an, Olgak geroago «ziur aski bere kontakizun osoan eztabaidaezinezko gertaera bakarra» deitu zuena. Andersonek baieztatu zuen, Chaikovski abizeneko gizon baten laguntzaz, Errusia iraultzailetik ihes egin zuela Bukarestetik, non bere semea erditu zuen. Olgak pentsatu zuen historia «nabarmen faltsua» zela, Anderson ez baitzen saiatu Errumaniako Maria erreginarengana hurbiltzen, ustez Errumaniako hiriburuan egon zen bitartean.[6][7][8]
Momentuan zera esan zuen:
«Anderson anderea Anastasia izan balitz, Maria erreginak berehala ezagutuko zukeen. [...] Maria ez da inoiz ezerekin harritu eta nire iloba batek jakingo luke hori. [...] Ez dago benetako ebidentzia izpirik kontakizunean. Emakumea ahaide bakarrarengandik urrun egon zen. Ahaide hura izan zen lehena emakumea ezagutzen, haren egoera etsigarria ulertzen eta harekin adiskidetzen.»
Andersonek esan zuen Berlinen zegoela Irene Prusiako printzesari, Alexandra enperatrizaren ahizpa eta Nikolas II.a Errusiako enperadorearen lehengusinari, bere biziraupenaren berri emateko. Olgak zera esan zuen: «Irene printzesa bere belaunaldiko emakumerik puritanoenetakoa izan zen. Nire ilobak jakingo zuen bere izaerak [bera] hunkituko zuela». Anderson zaharren egoitza batean ezagutu zuen, non tuberkulosia tratatzen zzegoen. Bisita honi buruz, geroago esan zuen:
«Nire Anastasia maiteak hamabost urte zituen 1916ko udan azkenekoz ikusi nuenean. Hogeita lau izango lituzke 1925ean. Andersonek hori baino askoz zaharragoa ematen zuela pentsatu nuen. Jakina, oso gaixotasun luzea hartu behar zuen kontuan [...] Dena den, nire ilobaren ezaugarriak ezin izango ziren edozein azterketatan aldatu. Sudurra, ahoa, begiak, denak desberdinak ziren. [...] Mommsen zaharren asiloan ohe horren ondoan eseri bezain pronto jakin nuen emakume arrotz bati begira nengoela. [...] Danimarkatik abiatu nintzen, bihotzean itxaropen apur bat nuela. Itxaropen osoa galduta irtennintzen Berlinetik.»
Atsekabetuta zegoela ere esan zuen, Anderson alemanez baino ez zelako mintzatzen eta ez zuelako erakusten ingelesa edo errusiera zantzurik; Anastasiak, aldiz, erraztasunez hitz egiten zuen bi hizkuntzetan, eta ezin zuen alemanik egin. Hala ere, harekin sinpatizatzen jarraitzen zuen, itxuraz gaixorik zegoela uste zuelako nahita engainatu beharrean. Geroago azaldu zuen:
«[...] bera ez zitzaidan iruditzen erabateko iruzurtia, haren zakarkeriagatik. Iruzurti maltzur batek ahal zuen guztia egingo zukeen ondo egokitzeko. [...] Baina Anderson andrearen jarrerak edonor adoregabetuko zukeen. Nik neuk uste dut Romanov familiaren ustezko aberastasun zati bat lortzeko asmoaz hasi zela guztia, onura ateratzea espero zuten pertsona eskrupulugabe batzuekin [...] Iruditzen zitzaidan bera «informatu» egin zutela, nolabait esateko, baina ez zen perfektua. Egin zituen akatsak ezin dira memoria-tarteei egotzi. Adibidez, hatz batean orbain bat zeukan eta guztiei esaten zien zanpatua izan zela lekaio batek azkarregi itxi ziolako landó bateko atea. Eta segituan gogoratu nuen benetako gertakaria. María izan zen, bere ahizpa nagusia, eskuan min dezente hartu zuena, eta ez zen gurdi batean gertatu, tren inperialaren barruan baino. Jakina, norbaitek, gertaeraz zerbait entzun ondoren, bertsio inkoherentea pasatu zion Anderson andreari.»
Ziur aski, hasiera batean Anderson Anastasia izateko aukera zabalik zegoen edo ez zen erabaki bat hartzeko gai. Peter Kurthek, biografoa eta Andersonen aldekoa, Olgak 1925eko urriaren amaieran Herluf Zahle enbaxadore daniarrari idatzi ziola adierazi zuen: «Uste dut bera ez dela uste duena, baina ezin da esan ez dela gertaera bat». Hilabete baten buruan erabakia hartua zen; Anatoli Mordvínov koronela eta laguna zuzenari idatzi zion : «Ez dago antzekotasunik eta, dudarik gabe, bera ez da Anastasia». Andersoni bufanda bat eta bost gutun bidali zizkion, gerora iruzurtiaren aldekoek erabili zituztenak, dukesa handiak Anastasia bezala errekonozitu zuela baieztatzeko. Handik denbora batera, oparia eta gutunak «errukiz» bidali zituela esan zuen, eta seinalamenduak «erabateko asmakizuntzat» jo zituen. Bere iloba bezala publikoki aitortzeari uko egin zionean eta Danimarkako National Tidende egunkarian antzekotasun oro ukatuz adierazpen bat egin zuenean, Andersonen aldekoek, Harriet von Rathlef eta Gleb Botkinek, Olga bere ahizpa Xeniaren aginduz telegrama bidez jarduten ari zela adierazi zuten, eta hori gutun pribatuen bidez gezurtatu zuten. Urte batzuk geroago, bere biografo ofizialak esan zuen: «Ez dut inoiz halako telegramarik jaso»;mezua ez zuten inoiz Andersonen aldekoek ekoiztu eta ez da aurkitu kasuarekin lotutako dokumentuetan. Ahizpa Xeniak zera esan zuen:
«[Andersonen aldekoek] nire ahizpari eta niri buruzko gezurrik beldurgarrienak kontatu zituzten [...] Suposatzen zen telegrama bat bidali niola Olgari esanez: “Inola ere ez dut Anastasia onartzen”. Hori fantasia hutsa zen. Ez nion sekula telegramarik bidali, eta ez nion ahizpari inolako aholkurik eman Berlinera egindako bisitan. Arduratuta geunden zentzuz joan zitekeelako, baina soilik beldur ginelako erreklamatzailearen aldekoek propagandarako erabiliko ote zuten. [...] Nire ahizpa Olgak pena sentitu zuen emakume gaixo horrengatik. Atsegina izan zen berarekin, eta bere bihotz onari esker, bere iritzi eta asmoak desitxuratuak izan ziren.»
Bizitza Danimarkan eta ihesa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ama Hvidøren hil zen, 1928ko urriaren 13an. Jabetza saldu egin zen eta Olgak bere herentziaren zatiarekin Ballerupen etxalde bat, Knudsminde, erosi zuen. Hantxe izan zituzten zaldiak —senarra bereziki interesatuta zegoen—, Jersey behiak, txerriak, oiloak, antzarak, txakurrak eta katuak. Garraiorako auto txiki bat eta lera bat erabiltzen zituzten. Tijon eta Guri —hamahiru eta hamaika urtekoak, hurrenez hurren, Knudsmindera bizitzera joan zirenean— etxaldean hazi ziren. Olgak Errusiatik lagundu zien neskame zahar Emilia «Mimka» Tensoren laguntzarekin zuzentzen zuen abere etxea. Bere etapa berrian xumeki bizi zen, landan lan egiten zuen, etxeko lanak egiten zituen eta margotu egiten zuen.[9]
Danimarkako komunitate monarkiko errusiarraren eta bisitatu zuten emigratu errusiar askoren gune bihurtu zen etxaldea. Olgak erbestean zegoen komunitate errusiarrarekin eta Errusiako Armada Inperialeko kide ohiekin harremanetan jarraitzen zuen. 1935eko otsailaren 5ean, Kopenhageko San Alexandro Nevski eliza ortodoxoan, Aleksander Schalburgen aitabitxi-amabitxiak izan ziren, Danimarkako Gustav printzea lehengusuarekin batera, Errusian jaiotako Christian Frederik von Schalburg ofizial daniar baten semea.[10] 1930eko hamarkadan, Suediako Sofiero jauregian igaro zituen udak bere familiarekin, Suediako Gustaf VI.a Adolf Suediako printze oinordekoarekin eta Luisa Mountbatten emaztearekin. Errusiako eta Danimarkako eszenen bere pinturak saltzen hasi zen Kopenhagen, Londresen, Parisen eta Berlinen egindako erakusketen enkanteetan. Diru-sarreretako batzuk laguntzen zituen ongintzako erakundeei eman zizkien.
Danimarka neutrala Hirugarren Reich-ak inbaditu zuen 1940ko apirilaren 9an eta Bigarren Mundu Gerran okupatuta egon zen. Elikagai-eskasia, komunikazio-murrizketak eta errepide-itxierak hasi ziren. Olgaren bi semeak Danimarkako Errege Armadako ofizial gisa aritu ziren eta bi hilabetez gerrako preso gisa espetxeratu zituzten hiriburuko hotel batean. Tijon beste hilabete batez egon zen preso 1943an, espioitza delituengatik atxilotua izan eta gero. Errusiar emigratu batzuk, sobietarren aurka borrokatzeko gogoz, Alemaniako armadan sartu ziren. Bere seme-alabak barneratu eta bere amaren jatorri daniarra izan arren, Olga bere herrikideen kolusioan inplikatuta egon zen indar alemaniarrekin, sobietar komunismoaren aurka borrokatzen ziren emigratu errusiarrak biltzen eta laguntzen jarraitzen zuen bitartean. 1945eko maiatzaren 4an, alemaniarrek Danimarkan amore eman zuten britainiarren aurrean. Piotr Krasnov jeneralak idatzi zion, Danimarkako etorkin errusiarrei eragiten zieten baldintza miserableak zehaztuz; berak, bere aldetik, laguntza eskatu zion Absalon Danimarkako printzeari, baina bere eskaera atzera bota zen.
Bigarren Mundu Gerraren amaierarekin, tropa sobietarrek Danimarkako Bornholm uhartea okupatu zuten eta erregimen sobietarrak mezu bat bidali zion Danimarkako Gobernuari Olga eta Danimarkako gotzain katoliko bat Kremlinaren aurkako konspirazioaz akusatzea leporatuz. Romanovtarrek, Danimarkan bizirik atera zirenek, bahituak izateko edo atentatu bat jasateko beldurra izan zuten, beraz, berak eta bere familiak Kanadara joatea erabaki zuten.
Bizitza Kanadan eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1948ko maiatzean, Kulikovski familia Londresera bidaiatu zuen, Danimarkako tropak garraiatzeko ontzi batean. Hampton Court jauregiko Gracia y Favor izeneko apartamentu batean hartu zuten ostatu, laborari etorkin gisa Kanadara egin zuten bidaiarako moldaketak egin bitartean. 1948ko ekainaren 2an, Olga eta bere senar Nikolai, Tijon eta haren emazte Agnete, Guri eta emazte Ruth daniarra, Guriren bi semeak —Xenia eta Leonid— eta Mimka Tenso lankide eta neskame ohia Liverpooletik abiatu ziren Empress of Canada ontzian. Bidaia zail baten ostean, itsasontzia Halifaxen (Eskozia Berria) porturatu zen. Familia Torontora joan zen bizitzera, Campbellvilletik gertu dagoen Halton konderrian (Ontario) 200 akre (0.81 km²) zituen etxalde bat erosi zuen arte.
1952 urtean, etxaldea zama bilakatu zen Olga eta senarrarentzat. Zaharrak ziren biak, seme-alabak independizatu egin ziren eta zaila zitzaien lana lortzea. Nikolaik gero eta gaixotasun larriagoa zuen, eta Olgaren gainerako bitxietako batzuk lapurtu egin zituzten. Lursaila saldu eta bost gelako etxe txikiago batera joan ziren, Cooksvilleko auzo pobre batera, gero Mississaugan nahasita egon dena. Mimka neskameak burmuineko isuri bat izan zuen eta horren ondorioz ezinduta geratu zen; Olgak bere neskame ohia zaindu zuen 1954ko urtarrilaren 24an hil zen arte.
Bere etxe txikira eskualdeko bizilagunak eta bisitariak heltzen ziren, baina baita atzerriko agintari eta errege-erreginak ere, Marina de Kent (Marina Greziakoa) printzesa 1954an edo Luis Mountbatten eta bere emazte Edwina Mountbatten 1959ko abuztuan. 1959ko uztailean, Elisabeth II.a Erresuma Batuko erreginak eta Philip Edinburgokoa bere senarrak Toronto bisitatu zuten eta HMY Britannia errege-ontzian bazkaltzera gonbidatu zuten. Haren etxea ere iman bat zen Romanov iruzurtientzat, berak eta bere familiak mehatxutzat zituztenentzat.
1958an senarra ia paralizatuta zegoen eta Olgak bere bitxi batzuk saldu zituen dirua biltzeko. Nikolai urte horretan bertan hil ostean, gaixotu eta larritzen joan zen, 1960ko apirilean Torontoko Ospitale Nagusian ospitaleratu zuten arte. Itxuraz, ez zioten informaziorik eman edo ez zekien bere ahizpa nagusia, Xenia, Londresen hil zela hilabete horretan. Bere burua zaintzeko gai ez zela, Konstantin eta Sinaida Martemianov lagun emigratu errusiarrekin hartu zuen ostatu Torontoko edertasun-areto baten gaineko sail batean. Azaroaren 21ean koman hasi, eta azaroaren 24an hil zen, hirurogeita hamazortzi urte zituela.
Bigarren senarrarekin batera lurperatu zuten Yorkeko hilerrian azaroaren 30ean, Torontoko Kristo Salbatzailearen katedralean egindako hileta baten ostean. Ajtirskiko husarren ofizialak eta korazari urdinak guardian zeuden jendez betetako errusiar eliza txikian. Nahiz eta bizitza xumea izan, arropa merkea erosi, bere erosketak egin eta lorezaintzan aritu, bere ondarea 200 000 dolar kanadiar baino gehiagotan baloratu zen—2020an $1.8 milioi inguru— akzio eta bonoen kontzeptuan, nagusiki; aldiz, bere ondasun materialak $350ean tasatuak izan ziren, Patricia Phenix-ek gutxiespena kontsideratu zuena.[11]
Legatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Olga txikitan hasi zen marrazten eta margotzen; Ian Vorres bere biografo ofizialari esan zionez:
«Geografia eta aritmetikako klaseak ematen nituenean ere, zilegi zitzaidan eskuan arkatz bat jarrita esertzea. Askoz hobeto entzun nezakeen zerealak edo basoko loreak marrazten nituenean.»
Bere bizitzan zehar, paperean, mihisean eta zeramikan margotu zuen, eta 2000 pieza baino gehiago egin zituela kalkulatzen da. Eszenak eta paisaiak ziren bere ohiko gaia, nahiz eta erretratuak eta natura hila ere egiten zituen. Honi buruz, Vorresek bere iritzia eman zuen:
«Bere margoak, biziak eta sentiberak, bere Errusia maitearen argi ahulean murgilduta daude. Naturarekiko maitasuna adierazten duten paisaia eta lore-irudi ugariez gain, eguneroko bizitza sinpleko eszenetan ere gelditzen da [...], konposiziorako, adierazpenerako eta xehetasunerako begi sentikor batekin eginak. Bere obrak bakea, lasaitasuna eta bere izaera islatzen duen maitasun-espiritua islatzen ditu, bere bizitzaren zatirik handienean bizi izan zuen sufrimenduaren aldean.»
Erreinaren esanetan:
«Pertsona guztiz erlijiosoa zenez, naturaren edertasuna jainkozko inspirazioz hornitutako sorkaritzat hartu zuen dukesa handiak. Otoitzak eta elizara joateak indarra eman zioten, gertatu zitzaizkion zailtasun berriak gainditzeko ez ezik, marrazketarekin jarraitzeko ere bai. Jainkoari eskerrak emateko sentimendu horiek, dukesa handiak sortutako ikonoak ez ezik, haren natura hilen erretratuak eta pinturak ere sortu zituzten.»
Bere pinturak diru-iturri errentagarria izan ziren. Errainak zioenez, nahiago zuen Danimarkan erakusketak egin, Ameriketako Estatu Batuetako merkatuaren komertzialismoa saihesteko. Errusiar Laguntza Programak, Tijon eta bere hirugarren emazte Olgak bere amaren omenez sortua, bere lanaren aukeraketa bat aurkeztu zuen errusiar enbaxadoreak Washington Hirian zuen egoitzan. 2001ean, Moskun 2002an, Jekaterimburgen 2004an, San Petersburgon eta Moskun 2005ean, Tiumenen eta Surguten 2006an, Tretiakov Galerian Moskun eta San Miguel gazteluan San Petersburgon 2007an eta Vladímir Arladostiev Museoan 2013an Vostiveven.[12] Bere artelanak Elisabeth II.a Erresuma Batuko erreginaren eta senar Philip Edinburgokoaren, Harald V.a Norvegiako erregearen zein Ipar Amerikako eta Europako bilduma pribatuetan daude. Pederstrup-eko (Danimarka) Ballerup Museoak bere obretako ehun inguru ditu.[13]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) «El impensable destino de la gran duquesa Olga, la Romanov que los revolucionarios olvidaron ejecutar» Monarquías.com 2023-11-12 (kontsulta data: 2025-06-21).
- ↑ BioPic Channel. (2020-01-02). Olga Aleksándrovna Románova, la hermana pequeña del Zar Nicolás II de Rusia.. (kontsulta data: 2025-06-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Olga Aleksándrovna Románova» Wiki FansFate/Sudamérica (kontsulta data: 2025-06-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Olga Aleksándrovna Románova» Los diccionarios y las enciclopedias sobre el Académico (kontsulta data: 2025-06-21).
- ↑ Rowley, Alison. (2017). Dark tourism and the death of Russian Emperor Alexander II, 1881–1891. 79 Malden: Blackwell, 229-255 or. doi:. ISSN 0018-2370. OCLC .7051977798.
- ↑ «Anna Anderson, la joven desconocida que afirmaba ser la Gran Duquesa Anastasia» Passer Deserto 2023-06-12 (kontsulta data: 2025-06-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) Anna Anderson y el fraude de Anastasia - Red Historia. 2018-12-17 (kontsulta data: 2025-06-21).
- ↑ «ANASTASIA ROMANOV O ANNA ANDERSON» www.phistoria.net (kontsulta data: 2025-06-21).
- ↑ Hall, Coryne. (1993). The grand duchess of Knudsminde. 3 Frant: Royalty Digest, 58 or..
- ↑ Fødte Mandkøn. Copenhague: Den Ortodokse Russiske Kirke i København, 14 or..
- ↑ CPI inflation calculator. Ottawa: Bank of Canada.
- ↑ Majestic artist: 125th birth anniversary of Grand Duchess Olga Alexandrovna. San Petersburgo: Russian State Museum.
- ↑ Opening hours. Pederstrup: Ballerup Museum.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Kulikovsky-Romanoff, Olga. (s/f). Немеркнущий свет милосердия. Великая княгиня Ольга Александровна. Gátchina: Palacio y Museo Estatal de Gátchina.