Edukira joan

Mairu gatazka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mairu gatazka
Irudi
MotaInsurjentzia
Honen parte daCivil conflict in the Philippines (en) Itzuli
Denbora-tarte1969 - 
← Moro Rebellion (en) Itzuli
KokalekuFilipinak
Estatu burujabeMalaysia eta Filipinak
Osagai hau/hauek du/ditu

Mairu gatazka 1969az geroztik Filipinetako hegoaldeko Mindanao eskualdean izandako matxinada bat izan zen,[1] talde armatu ugariren parte hartzea izan zuena.[2] Hamarkadetako bake prozesu baten ondoren, Filipinetako gobernuaren eta Askapen Nazionalerako Fronte Mairuarekin (MNLF) eta Askapen Islamikorako Fronte Mairuarekin (MILF) bi talde armatu nagusien arteko bake akordioak lortu ziren, 0000an. Hala ere, talde armatu txikiagoek gatazkan jarraitu zuten.[3]

XIV. mendean, Indonesiako eta inguruko beste herrialde batzuetako marinel, merkatari eta aditu musulmanak Filipinar Uharteetara iritsi zirelarik, Islama Mindanaora eta Luzonera hedatu zuten. 1521ean, Fernando Magallaes iberiar esploratzailea Filipinetara iritsi zen ordutik, espainiar eragin eta nagusitasun aro bat hasi zen.[4] Miguel López de Legazpik 1565ean Filipinak konkistatu ondoren, Felipe II.a erregearen Errege Zedula batek sortu zuen, 1574ko ekainaren 1ean, Filipinetako Kapitaintza Nagusia, Espainia Berriko Erregeorderriaren mendekoa. Okupatzaile berriek islamaren hedapen handiagoa eragotzi zuten eta lider musulmanek espainiarren aurka egin zuten lehenbizi, amerikarren eta japoniarren aurka geroago.[5]

Estatubatuar soldaduak mairuen aurka borrokan.

1902an, Filipinen eta Ameriketako Estatu Batuen arteko gerra amaitu zenean, Estatu Batuek Mindanao, Jolo uhartea eta Sulu artxipelagoko estatu musulmanen gaineko agintea ezarri nahi izan zutenean, Mairuen Matxinada lehertu zen. Bud Bagsakeko gudua, 1913ko ekainaren 11 eta 15 bitartean, gatazkaren azken gudu handia izan zen eta matxinadaren amaiera markatu zuela esan ohi da, nahiz eta talde mairu eta tropa iparramerikarren arteko liskar txikiagoak gertatu ziren guduaren ondorengo hilabeteetan, azkena Talipao hirian, 1913ko urrian.

Filipinek 1946an burujabetasun politikoa lortu zutenean, Filipinetako estatuaren aurkako borrokan jarraitu zuten independentzia lortzeko.[5]

Mairuen gatazka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1968ko maiatzean, Jabidahko sarraskiaren[6] ondoren, Independentziaren aldeko Mugimendu Musulmana (MIM) sortu zen. 1969an, Malaysia Filipinetako musulmanak entrenatzen eta armatzen hasi bazen ere, MIMek ez zuen inoiz mairuen artean babes zabalik lortu eta, gobernuaren presiopean, 1970ean desegitea adostu zuen, orduko presidente Ferdinand Marcosekin.[7] Ondoren, Filipinetako, Egiptoko eta Ekialde Hurbileko unibertsitateetan barreiatuta zeuden eliteko ikasle mairuek, Filipinetako hegoaldean nazio musulman independente bat sortu nahirik, bigarren erakunde bat eratu zuten, Bangsa Mairua Askatzeko Erakundea (BMLO), baina laster belaunaldien arteko gatazkak lehertu zuen antolamendu berria. Horrela, 1972ko urrian, belaunaldi gazteen buruzagiek Mairuen Nazio Askapenerako Frontea (MNLF) sortu zuten ofizialki, Pulau Pangkon (Malaysia). Nurallaji Pinang Misuari, mugimenduaren lehen ikasle liderretako bat, MNLFko lehen presidente bihurtu zen,[8] eta Abul Khayr Alonto, presidenteorde. Lehen batzorde probintziala Hashim Salamaten zuzendaritzapean ezarri zen Cotabaton.[9][10]

1972ko irailaren 21ean Ferdinand Marcos presidenteak gerra legea ezarri zuen, diktadura sistema bat ezartzeko lehen urratsa.[11]

1976an, Muammar al Kadafik negoziaketa bat antolatu zuen Filipinetako gobernuaren eta Nur Misuari MNLFko liderraren artean, Tripoliko Akordioa sinatzera eraman zuena, zeinetan MNLFk onartu baitzuen Filipinetako gobernuaren sasi-autonomiaren eskaintza, eztabaidan ziren eskualdeetarako.[12] Marcosen gobernuak plebiszitu bat deitu zuen 1977ko apirilaren 17an, adostutako 13 probintzietatik 10etan bakarrik autonomia berresteko, eta MNLFk boikota egin zion erreferendumari. Marcosek lurraldea bi eskualde autonomo txikiagotan banatu zuen (IX. eta XII. eskualdeak), jatorriz hitzartutako autonomia lurralde askoz txikiago batean ezartzeko asmoz.[13]

Akordioak guztiz betetzen ez zirenez, Basilanen, Jolon eta beste leku batzuen noizbehinkako liskarrak sortu ziren berriro, nahiz eta 1976an baino askoz indar gutxiagorekin. Gainera, Hashim Salamat MNLFtik banandu zen eta MNLF-Batzorde Zentrala (MNLF-CC) osatu zuen 1978an,[14] eta behin-behineko gobernu autonomoa zuzentzea baztertu zuen. Orduan, Ferdinand Marcosek behin-behineko gobernu bat izendatu zuen lurralde autonomoetan, erreferendum bat antolatzeko, baina alderdi mairuek boikota egin zuten.

1984an, MNLF-CCk formalki Askapen Islamikorako Fronte Mairua (MILF) izena hartu zuen. MNLFk gobernuarekin negoziatzen jarraitzen zuenez eta MILFk, aldiz, hegoaldean gobernuaren eta bere aliatuen aurkako operazio armatuekin jarraitzen zuenez, MNLF kide asko galtzen joan zen, eta MILF gero eta gehiago irabazten, hainbeste ezen berehala gainditu baitzuen bere arerio laiko-nazionalista, bai arma kopuruaz, bai herri babesaz.[15] 1986an, MNLFko kideak Mindanaoko Mugimendu Demokratiko eta Herrikoian sartu zen.

1986an, Herri Boterearen Iraultzak, armadaren zati baten laguntzarekin, Ferdinand Marcosen diktadura deuseztatzea lortu zuen, eta diktadorea erbestera bidaltzea.[16] Irailean Nur Misuari herrialdera itzuli zen, Cory Aquino presidente berriarekin elkarrizketatu zen Sulun, eta Jiddan (Saudi Arabia) negoziatzeko akordio batera iritsi zen, Batzar Islamikoko Erakundearen babespean. Negoziazioak 1987ko urtarrilera arte luzatu ziren, eta MNLFk Filipinetako gobernuaren erdi-autonomiako eskaintza onartu zuen, eta konstituzio berri batek Filipinetako hegoaldean eta Cordillera eskualdean (iparraldean) eremu autonomo bat ezartzeko aurreikuspenak ezarri zituen. 1987ko urtarrilean, MILFk Mindanao osoan erasoak egin zituen, bere indarra erakusteko eta gobernua MILFrekin serioski negoziatzera behartzeko. Ofizialki eman gabeko su eten baten ondoren, elkarrizketak berriro hasi ziren.[17]

Filipinetako mairu matxinatuen kanpamenduen mapa, 2014ko su etenaren unean.

MILFek ez zituen akordioak onartu eta gatazkari jarraitzeko asmoa iragarri zuen.[18] MNLF desmobilizatu zelarik, hogei bat mila borrokalari MILFren agintepean geratu ziren. Borroka armatuarekin jarraitu nahi zuen MNLFko sektore atsekabetu batek, Abdurajak Abubakar Janjalani ekintzailea buru zela, Abu Sayyaf taldea osatu zuen 1991n, bere eragin eremua Mindanaon, Basilanen, Sulu artxipelagoan eta Tawi-Tawi probintzian ezarrita.[19]

1996an, MNLFrekin bake akordio bat adostu zelarik, Southern Philippines Council for Peace and Development (SPCPD) erakundea sortu zen, zuzendaritza MNLFren esku. Bake akordioek hamahiru probintzien gainean ezartzen zuten eskualde autonomoa, erreferendum baten ondoren eta mugimenduaren 7500 borrokalari armadan integratuta, baina MILFek ez zituen akordioak onartu eta borrokari eusteko erabakia iragarri zuen.[18]

Benigno Aquinoren administrazioak 2011ko otsailean ekin zien berriro negoziazioei, errebeldeek azaldu zutenean ez zutela jada Filipinetatik banantzeko helbururik. Horrela, 2012ko urriaren 15ean, Filipinetako gobernuak Bangsamorori buruzko esparru-akordioa sinatu zuen, Bangsamoro ezartzea proposatzen zuena Mindanao musulmanaren eskualde autonomoa ordezteko. Ia bi urte geroago, 2014ko urtarrilaren 24an, Miriam Coronel Ferer Filipinetako negoziatzaile buruak eta Mohagher Iqbal MILFko negoziatzaileak bake akordioa sinatu zuten Kuala Lumpurren. Hilabete batzuk geroago,.urriaren 15ean, bake akordioa berretsi zuten Manilan Filipinetako presidente Benigno Aquinok eta MILFeko presidente Ahod Balawag Ebrahimek, Malayisiako lehen ministro Najib Razak lekuko zela.[20] Erretiratutako soldadu bakoitzak milioi bat peso (19.000 dolar) jaso zituen eskudirutan, bekak, aseguru medikoa eta berariazko prestakuntza zibil produktibo bihurtzeko.[21]

Argazkian Rodrigo R. Duterte presidentea legegileekin eta negoziatzaileekin batera, Askapen Islamikorako Fronte Mairuarekin egindako bake prozesuan, Bangsamoroko Lege Organikoa aurkeztu zutenean Malacañan jauregian, 2018ko abuztuaren 6an.

2017ko maiatzaren 23an, Abu Sayyaf mugimenduko buruzagi Isnilon Totoni Hapilon buruzagia Marawin zegoela, ziurrenik Maute talde erradikaleko militanteekin biltzeko, armadaren eta poliziaren operazio bat gertatu zen hura harrapatzeko asmoz.[22] Milaka zibilek alde egin zuten hiritik, borroketatik ihesi, eta hiriaren zati bat islamiarren eskuetan gelditu zen. Nur Misuariren bozeramaile batek adierazi zuen MNLFri agindu ziola Hego Lanaon Mauteren aurka borrokatzeko, eta MNLFko 500 eta 700 borrokalari arteko unitate bat eskaini zuen estremistei aurre egiten laguntzeko.[23] Urriaren 16an, Isnilon Hapilon eta Omar Maute bahituak erreskatatzeko operazio batean hil zirelarik,[24] eta artean 100 militante inguru zeudelarik Marawin borrokatzen, urriaren 23an militanteek Marawi kontrolatutako azken eraikina hustu zuten, hiria erabat berreskuratuz. 2020ko abuztuaren 13an harrapatu zuen MNLFk Abu Sayyafeko Anduljihad Susukan alderdiko burua, eta Filipinetako poliziaren esku utzi.[25]

2018ko uztailaren 26an, Filipinetako gobernuak, Rodrigo Duterte buru zuela, Bangsamoroko Lege Organikoa ezarri zuen. Haren bitartez, Mindanaoko Eskualde Autonomoa (ARMM) indargabetu eta Bangsamoroko gobernuaren oinarrizko egitura aurreikusi zuen, Bangsamoroko bake akordioari buruz Filipinetako gobernuak eta Askapen Islamikorako Fronte Mairuak 2014an sinatutako akordio globalean ezarritako akordioei jarraituz.[26]

2019ko erreferenduma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipinetako hegoaldean eskualde autonomo musulman berri bat sortu zuen legea 2019ko urtarrilaren 21ean berretsi zen erreferendum batean, eta otsailaren 6an, Filipinetako presidente Rodrigo Dutertek Ahod Balawag Ebrahim izendatu zuen Bangsamoroko Trantsizio Agintaritza administratzeko ministro buru.[27] Dutertek 2025era arte atzeratu zituen Bangsamoroko hauteskundeak, COVID-19 pandemiaren ondorioengatik.[28] Ebrahimek bitarteko ministro nagusi karguari eutsi zion Bongbong Marcos presidente berriak Bangsamoroko Trantsizio Agintaritzarako kide multzo berri bat izendatu zuenean, 2022ko abuztuan.[29]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ (Ingelesez) «Fighting and talking: A Mindanao conflict timeline» GMA News Online (web.archive.org) 2011-10-27 (kontsulta data: 2026-01-30).
  2. ↑ (Ingelesez) Gutierrez, Eric; Borras, Saturnino M.. (2004). The Moro conflict: landlessness and misdirected state policies. Washington: East-West Center OCLC .56126168 (kontsulta data: 2026-01-17).
  3. ↑ (Ingelesez) Santos, Ana P.; Ines, Jezreel. (2023-06-02). «Ending Philippines clan wars crucial to sustaining peace» DW (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-01-17).
  4. ↑ Zaide & Zaide 2004.
  5. 1 2 (Ingelesez) Raymond, Catherine Zara. (2006). «Maritime Terrorism in Southeast Asia: A Risk Assessment» Terrorism and Political Violence 18 (2): 239-257. or..  doi:10.1080/09546550500383225. ISSN 0954-6553. (kontsulta data: 2026-01-30).
  6. ↑ (Ingelesez) Bangsamoro Information Office. (2021-03-17). «Remembering Jabidah and the seeds of the struggle» Bangsamoro Autonomous Region in Muslim Mindanao (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-01-31).
  7. ↑ McKenna 1998.
  8. ↑ (Ingelesez) «Moro National Liberation Front» Mapping Militants Project (web.archive.org)  doi:https://doi.org/10.25613/G0K4-WF70. (kontsulta data: 2026-01-31).
  9. ↑ (Ingelesez) Cruz de Castro, Renato. (2009-09). «Confronting militant Islam in Southeast Asia: the case of the Abu Sayyaf Group in the Philippines» Korean Journal of Defense Analysis 21 (3): 345-361. or.  doi:10.1080/10163270903087394. ISSN 1016-3271. (kontsulta data: 2026-01-31).
  10. ↑ (Ingelesez) Bale, Jeffrey M. (2003). «The Abu Sayyaf Group in its Philippine and International Contexts» Center for Non-Proliferation Studies (Monterey Institute of International Studies (web.archive.org)) (kontsulta data: 2026-01-31).
  11. ↑ (Ingelesez) Doronila, Amando. (2014-09-24). «The night Marcos declared martial law» The Inquirer (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-01-31).
  12. ↑ Abuza 2003, 39, 115. or. .
  13. ↑ (Ingelesez) Lau, Bryony. (2019). «The Philippines: Peace talks and autonomy in Mindanao» Occasional Paper Series (Ottawa: Forum of Federations (web.archive.org)) 35. zk ISSN 1922-5598. (kontsulta data: 2026-01-31).
  14. ↑ (Ingelesez) Benar News. (2023-05-18). «Former insurgents relinquish weapons» Indo-Pacific Defense Forum (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-01-31).
  15. ↑ (Ingelesez) Galsim, Miguel. (2022). «Legitimacy, Syncretism, and Bangsamoro Jihad: Discourses of Struggle and Community within the Moro Islamic Liberation Front» International Journal of Islam in Asia 2(1): 15-43..  doi:10.1163/25899996-20221022. ISSN 2589-9996. (kontsulta data: 2026-01-31).
  16. ↑ Pabico, Alecks. (2006). «Remembering Edsa - 20 Filipinos and their Lives 20 Years since People Power» Philippine Center for Investigative Journalism (kontsulta data: 2026-01-31).
  17. ↑ (Ingelesez) «Moro Islamic Liberation Front» Mapping Militants Project (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-01-31).
  18. 1 2 (Ingelesez) Reuters. (2006-09-03). «Key events in Philippine talks with Muslim rebels - Chronology» U.S. (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-01-31).
  19. ↑ (Ingelesez) «Abu Sayyaf Group» MIPT Terrorism Knowledge Base 2006-08-14 (kontsulta data: 2026-01-31).
  20. ↑ (Gaztelaniaz) Ambrós, Isidre. (2012-10-15). «Filipinas y el Frente Moro ratifican un acuerdo de paz» La Vanguardia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-01-31).
  21. ↑ (Ingelesez) «Muslim rebels surrender guns in Philippines» The Asean Post (web.archive.org) 2019-09-08 (kontsulta data: 2026-02-01).
  22. ↑ (Ingelesez) «Marawi: The story of the Philippines’ Lost City» BBC Audio | The Documentary Podcast (web.archive.org) 2019-09-05 (kontsulta data: 2026-02-01).
  23. ↑ (Ingelesez) «MNLF, Reds vs Maute» Manila Standard (web.archive.org) 2017-05-30 (kontsulta data: 2026-02-06).
  24. ↑ (Ingelesez) «Philippines military 'kills Islamist Isnilon Hapilon'» BBC (web.archive.org) 2017-10-16 (kontsulta data: 2026-02-06).
  25. ↑ (Ingelesez) Consuelo Marquez, Julie S. Alipala. (2020-08-13). «Abu Sayyaf leader Susukan handed over to police; PNP chief thanks Misuari» The Inquirer (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-06).
  26. ↑ (Ingelesez) «FAQs about the Bangsamoro Basic Law» GMA News Online 2014-09-10 (kontsulta data: 2026-02-06).
  27. ↑ (Ingelesez) Khaliq, Riyaz Ul. (2020-12-14). «Bangsamoro peace process 'fundamentally' on track» Anadolu Agency (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-06).
  28. ↑ (Ingelesez) Galvez, Daphne. (2021-10-29). «Duterte OKs postponement of first BARMM elections to 2025» The Inquirer (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-06).
  29. ↑ (Ingelesez) Lopez, Vince. (2022-08-12). «Ebrahim retains lead post in reorganized BTA» Manila Standard (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-02-06).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]